Blogari euskaldunen batez besteko profila eginez gero, maiztasun zehatzik gabe idazteko ohitura du blogariak, blog pertsonalak nabarmentzen dira, euskaraz idazten du, autonomia du blogaren eguneroko mantentze eta kudeaketan, eta haren bloga ez dago sare batean sartuta. Blog horiek nagusiki Wordpress eta Blogger plataformekin eginda daude. Bestalde, software librearekin garatuta daudenak%37,8 dira; %38,8k, berriz, ez dakite, eta %23,5eksoftware pribatiboa erabili dute. Baina blogariak, oro har, ezjakintasuna du edukien gaineko lizentziei buruz galdetu zaionean. Horiek dira Azkue fundazioak euskal blogintzaren inguruan egin duen inkesta publikoaren ondorioetako batzuk —joan den astean aurkeztu zituzten emaitzak, Blogetan! euskal blogarien topaketan—.
Iurdana Akasuso Azkue fundazioko zuzendariak azaldu du.eus domeinuaren inguruan ere galdetu zutela. «%64k erantzun zuten ez dutela .euserabiltzen, baina askok adierazi zuten ikuspegi teknikotik ez zekitela nola egin edota oraingoz ez dutela horretan pentsatu».
Inkestako erantzun horietatik ondorioztatu dute blogari askok ez dutela menperatzen arlo teknikoa. «Hutsuneengatik galdetu genuen, eta askok formakuntza beharra adierazi zuten».
Bestalde, inkestan ageri da %86k sare sozialak erabiltzen dituztela bere edukiak hedatzeko—Facebook eta Twitter erabiltzen dira gehien—.
Era berean, euskarazko blogen %91,8k ez diote publizitateari etekin ekonomikorik ateratzen. «Batzuek esan zuten ez zutela publizitaterik nahi, baina askok eta askok ez diote euren buruari planteatu ere egin blogeko lanari errentagarritasun ekonomikoa atera ahal zaiola», azaldu du fundazioko zuzendariak. «Euskal blogari gutxi batzuek publizitatea dute blogean, eta ikusi dute errentagarria dela. Estrategia bat landu dute zenbaitek, eta publizitatea jartzen dutenen lautik hiruk esaten dute errentagarria dela. Estrategia pentsatu eta garatu duenak, eta, ondorioz, erabaki tekniko jakin batzuk hartu dituenak, ateratzen dio errentagarritasuna».
Euskal blogari gehienek badute gutxieneko informazioa bisita kopuruaren inguruan. «Beste kontu bat da informazio horren azterketa eta ustiaketa», Akasusoren arabera. Inkestan parte hartu zuten blogarien %70ek bisita kopuruak jakiteko tresnak erabiltzen dituzte. «Kontzientzia minimo bat badago, nahiz eta gero kasu askotan hausnarketarik ez egon. Erabakiak hartzen dituzten gehienek, aldiz, emaitzak lortzen dituzte».
Blogarien profilaz gain, Azkue fundazioaren inkestan irakurleen profila atera dute. Nagusiki, sare sozialen bidez iristen dira blogetara; publizitatea jasan eta onartzen dute. Bestalde, blog eskaintzan hutsuneak daudela diote. «Beste hizkuntza batzuetako blogak ere irakurtzen dituzte. Gaien aniztasunean sumatzen dute hutsune nabarmena euskarazko blogetan», azaldu du Acasusok. «Beste hizkuntza batzuetakoen aldean, euskarazkoetan gaietan eskasia dagoela uste dute irakurleek». Blog profesional gehiago egon beharko liratekeela ere iradokitzen dute irakurleek. Erreferentziazko aditu gehiago ez egotearen falta sumatzen dute. Baina, aldi berean, irakurle askok nahiko lukete seriotasun gutxiago duten gaien blogak egotea, euskaraz».
Hutsuneak hutsune, euskarazko blogetan goranzko joera bat dagoela nabarmendu du Azkue fundazioko zuzendariak: «Badago etorkizuna».
Euskal blogarien bigarren topaketan, Blogetan! euskal blogarien lehiaketaren bigarren aldiko sariak banatu zituzten. Aurtengo lehiaketan, 129 blogek parte hartu dute, nahiz eta sarean askoz gehiago dauden. «Aurreko lehiaketarekin alderatuz, izena eman duten blogen kopurua %11 igo da. Mezu positiboa da».
Aurrera begira, Azkue fundazioak, «hutsuneetan arreta jarriz», formakuntzan sakondu nahi du. Jorratu beharreko gaien artean, arlo juridikoa, sare batean sartzeko aukera, publizitatearen errentagarritasuna, plataforma ezberdinen garapena eta .eusdomeinuaren hedatzea daude. Hori guztia lantzeko, Azkue fundazioa hainbat egitasmo diseinatzen ari da.
Blogek badute etorkizuna
Euskarazko blogetan goranzko joera dago, Azkue fundazioak egin duen azterketa baten arabera. Etorkizunera begira jorratzeko eremu handia dagoela uste du fundazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu