Bizirik dauden giza istorioak

Afrikako belaunaldirik gazteenaren erretratua egin dute Xavier Aldekoak eta Alfons Rodriguezek 'Indestructibles' proiektuan, liburu, dokumental eta erakusketen bidez.

Xavier Aldekoak eta Alfons Rodriguezek Indestructibles dokumentala aurkeztu zuten ostegunean, Hernanin. J. URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Hernani
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Gambo herria (Etiopia). Hawi Merga ume batez erditzen ari da. Jaio da Jamila. Baina jaioberriak biriketako infekzio bat du, eta zalantzazkoa da biziko ote den. Inkubagailuan sartu dute, baina tarteka argia joaten da. Indestructibles dokumentalaren istorioetako bat da. Ostegunean eman zuten lana Hernanin (Gipuzkoa), Hariak zinema jaialdian —gaur goizean amaituko da—. Eta han izan ziren Alfons Rodriguez argazkilaria eta Xavier Aldekoa kazetaria, biak ala biak Indestructibles proiektu transmediaren sortzaile eta arduradunak.

Rodriguezek azaldu duenez, Jamila onik atera zen. Osasuntsu dago haurra, korrika dabil. «Proiektuko istorio guztiak bizirik daude, amaitu gabe». Indestructibles-ek (Suntsiezinak) erakusten baititu «saiatzen ari diren Afrikako gazteak». Adin desberdinetako haur eta gazteak. Zaharrenak 18-19 urtekoak dira: Gambiako Hawa Faye eta Catherine Bassen. Argazkilari profesionalak izan nahi dute, nahiz eta haien herrialdean argazkilaritzan gizonak nagusi diren. Beste herrialde hauetako istorioak jaso dituzte Kataluniako bi kazetariek: Uganda, Mali, Cabo Verde, Txad, Madagaskar, Mozambike, Kongo, Uganda eta Ginea Bissau.

«Patuari aurre egin, eta haien bizitzen protagonista izan nahi dute gazte horiek», azaldu du Aldekoak. Gaiak badu mamia, orain eta etorkizunari begira. Munduko kontinente gazteena da Afrika, eta biztanleen batez besteko adina 18 urtekoa da. Biztanleria bikoiztu egingo da hemendik 2050. urtera. «Afrika gero eta presenteago egongo da munduan».

Antzezlana, martxorako

Indestructibles dokumentalaren bi bertsio dituzte eginak: bat 52 minutukoa, bestea 76 minutukoa. Bertsio luzea eman dute Hernanin. Proiekzioak askotarikoak izaten ari direla kontatu du Aldekoak. «Bartzelonako areto batzuetan, 350 lagun; eta herrietako areto txikietan, gutxiago». Pozik daude egiten ari den bidearekin, eta Rodriguezek nabarmendu du asko interesatzen zaizkiela herrietako eta auzoetako proiekzioak. «Normalean iristen ez garen publikoengana iristen garelako proiektuarekin». Jaialdietan ematen ari dira azkeneko hilabeteetan. «Eta jaialdiek aukera ematen dute beste norbaitek filma begiz jotzeko».

Jose Bautistaren laguntzarekin ondu dituzte dokumentalaren bi bertsioak. Hark lagundu die istorioak lotzen, hari narratibo bat emanez. Bertsio laburrena telebista kateren bati saltzea da haien asmoa. Eta banatzaile baten bidez, plataformaren batera iristea ere bai.

Bitartean, proiektu transmediak bere bidean jarraitzen du. Kazetaritza liburua eta argazki liburua saltzen ari dira. Erakusketa 30 hiritara baino gehiagotara eraman dute —aurki Genevan jarriko dute, Suitzan—. Eta beste erakusketa bat ere badute, ikastetxeetara eramateko. Bestelako edukiak daude indestructiblesafrica.org webgunean ere.

Hori guztia gutxi balitz bezala, Indestructibles-en antzezlana iritsiko da hemendik hilabete batzuetara. Clara Manyons eta Veronica Navas ari dira prestatzen Afrikako gaztetxoen istorio horien antzerkirako lana. Okerrik ezean, martxoaren 24an estreinatuko dute, Bartzelonan.

Proiektuak lehen pausoak eginak zituen La Vanguardia egunkarian, 5W aldizkarian eta National Geographic-en. Hedabide horietan argitaratu ziren istorioetako batzuk. Rodriguezek dio harrituta daudela, «onerako». «Ez da erraza proiektu batek denboran halako iraupena izatea. Eta bizirik dago, gainera».

Zailtasunak, ordea, ez dira gutxi izan. Kongoko istorioa grabatu ahal izateko, hilabeteak pasatu zituzten talde armatu bateko mutikoengana iritsi arte. Pazientziarik ez zaie falta izan. «Gakoa da istorioei denbora eskaintzea», nabarmendu du Aldekoak. Oso eskertuta dago istorioen protagonistekin. «Konpromiso pertsonala dugu haiekin».

«Artisauen moduan» egin zuten dokumentala. Eta atzean ez zuten enpresa handirik. Horregatik, pauso bakoitza emateko orduan bakarrik ari dira, «bere alde on eta txarrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.