Bizimodu digitalari buruzko 'Sarean' irratsaioa egingo du Puntueusek

Euskadi Irratian aireratuko dute datorren igandetik aurrera, Leire Palaciosek aurkeztuta

Harkaitz Cano idazlea, Leire Palacios aurkezlearekin, igandean entzungo den Sarean saioaren lehen atalean. PUNTUEUS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
«Teknologia lurrera ekartzeko saioa» izango da Sarean, Leire Palacios aurkezlearen arabera. Puntueus fundazioak eta Euskadi Irratiak elkarlanean sortu dute saioa, eta teknologiak eta Internetek gure bizimoduan eta kulturan duten eragina aztertuko du.

Ingurune digitalari buruzko Sarean.eus webgunea duela urtebete sortu zuen Puntueus fundazioak, euskaraz Xataka.com eta halakoen pareko gunerik ez zegoelako. «Orain, aukera ikusi dugu guneak egin duen bidea irratira eramateko eta publiko orokorrago batentzat egiteko», esan du PuntuEuseko Lorea Arakistainek.

Leire Palaciosek aurkeztuko du saioa. Lau urte daramatza Euskadi Irratian Amarauna saioan kolaboratzen, literaturaz mintzatzen. Horrez gain, aurten Irakurrieran saioa gidatzen hasi da, Gotzon Barandiaranekin, Bizkaia Irratian. PuntuEus Fundazioaren proposamena jaso zuen Palaciosek. «Askatasuna izan dugu formatua erabakitzeko», esan du.

Literaturatik teknologiara pasatuko da Palacios, beraz. Entzuleei oharra egin nahi die: Sarean ez da saio tekniko bat izango, baizik eta egunerokotasun digitalaren ingurukoa. «Gaur teknologiak dena zeharkatzen du, edonon dugu: kultura, musika, literatura, eguneroko bizitza, erosketak... Gure bizitzaren esparru guztietan dago», esan du.

Harkaitz Cano, lehena

Hainbat atal izango ditu saioak, baina astero gai baten inguruan antolatuko da, eta, lehena, literaturari buruzkoa izango da, Harkaitz Cano idazlearen laguntzarekin. Idazleak eta aurkezleak interesa dute Kenneth Goldsmith poetaren idazketa ez-sortzailea kontzeptuan. Horren adibidea litzateke Googleren bilaketak erabiltzea poesia sortzeko. «Testu guztiak dagoeneko sarean daude, eta aukera duzu horietan oinarritzeko beste zerbait gauzatzeko», azaldu du Palaciosek.

Gaiaren arabera aldatuko da asteroko gonbidatua. «Kalekoa eta gertukoa izango da saioko tonua, eta urruneko gaiak ulertzeko moduan azalduko dira», adierazi du aurkezleak.

Gonbidatua elkarrizketatzeaz gain, albisteak emango dituzte eta Sarean.eus guneko kudeatzaileak ere parte hartuko dute. Baita .eus domeinua duten guneetako ordezkariak.

Saioaren amaieran, gainera, «zerbitzu teknikoa» eskainiko dute. Entzuleek ordenagailuarekin, telefonoarekin, Twitterrekin edo Whatsappekin dituzten arazoak konpontzeko ideiak eskainiko ditu Rafa Bañales Euskalteleko adituak. Sarean.eus-eko adituak ere arituko dira saioan, baina binaka, Arakistainek azaldu duenez.

Hamar saio egingo dituzte hasiera honetan. «Gure erronka oso ondo egitea izango da, luzatzeko aukera sortzeko», esan du Arakistainek. Musikak garrantzi handia izango du, eta «euskal musika» izango dela aurreratu du Palaciosek. Sarean, igandean, 15:00etatik 16:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.