Umorea eta pop kulturako osagaiak erabiliz, alternatiba sozio-ekonomikoak planteatu eta gai horien inguruko hausnarketa sustatzea du helburu Klik! animaziozko websailak. Bira Produkzioak ekoiztetxeak egin du lana —Hiru Damatxoko Lander Arretxea gidoilariaren laguntzaz—, eta asteartean estreinatuko dute lehen atala, Youtuben. Tokiko merkataritza txikian kontsumitzeaz hitz egiten du atal horrek, eta abiapuntua pertsonaia protagonisten Star Wars-en komiki liburu bat da. Ondotik, ostegunero eta asteartero sareratuko dituzte atalak, hilaren 30era arte. Bost atal dira orotara, bakoitza hiru minutukoa.
Beñat Iturriozena izan da ideia originala. «Bagenuen ideia bat ekonomia sozioeraldatzailearen bueltan dabiltzan proiektuak biltzen zituena. Gipuzkoako Diputazioak Olatuak diru laguntza atera zuen, eta ikusi genuen proiektua horretara egokitu genezakeela». Hernaniko Udalaren (Gipuzkoa) laguntza ere izan du proiektuak. Hain justu, herri horretan girotuta dago websaila: «Pertsonaiak Hernanikoak dira, eta istorioak Hernanin gertatzen dira, baina Euskal Herri osora esportagarriak dira aipatzen diren kontuak».
Energia eta kontsumo kooperatibak, gobernantza eredu berriak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza eta migratzaileak dira landu dituzten beste gai batzuk.
Animazioen estiloari dagokionez, Oskarbi Sein Klik!-eko zuzendariak zera esan du: «Badirudi horrelako gaiak jendearentzat pisutsuak izaten direla eta zaila izaten dela jendearengana iristea. Sinplifikatzen dituzunean, beste kontu bat da, errazagoa da lortu nahi duzun hori». Kataluniako TV3 kateko Arros Covat (2009) animaziozko saioa izan da Birakoentzat eredu garrantzitsua. «Kataluniako eredua hartu genuen animaziorako, nahiz eta imitazio purua ez den izan. Zerbait sinplea egin nahi genuen», gaineratu du Seinek.
Edonola ere, sinpletasunean animazioa egiteak bere zailtasunak ditu, eta Seinek zein Iturriozek ohartarazi dute «artisau lana» izan dela. Bira ekoiztetxean soilik Sein aritzen da animazioa lantzen. «Lan bakartia ere bada».
Alternatiba sozio-ekonomikoak proposatzeko berariaz aukeratu dute umorera jotzea. Honela dio Iturriozek: «Zenbaitetan erakunde publikoetatik paternalismo batetik iristen zaizkigu gomendioak eta akziorako aholkuak. Zeharbide batetik arituz, bestelakoa da kontua: umorea erabiliz, funtzionatu dezakeela uste dugu». Adibide bat jarri du: «Niri Gandalfek esaten badit birziklatzeko, kasu gehiago egingo diot erakunde publiko batek zuzenean aginduta baino».
Bieuse Bikoztaile Euskaldunen Elkarteko hiru kidek jarri diete ahotsa pertsonaiei: Aintzane Crujeirasek, Iker Bengoetxeak eta Maider Gorostegik. «Balioa eman nahi izan diogu haien lanari», azaldu du Iturriozek.
Seinek, bestalde, bi pertsonaia protagonisten izaera nolakoa den iragarri du: «Gurutz pisutsuagoa da ekonomia eraldatzailearen gaiekin, matraka ematen duena, baina, aldi berean, kontraesan ugari ditu. Nekane, berriz, pasotagoa da, eta, Gurutz gai horiekin joaten zaionean, bakean uzteko esaten dio askotan». Bukaeran, beti ikaskuntza txiki bat dago, Birako sortzaileek iragarri dutenez.
Bira ekoiztetxeak Martin Ugalde kultur parkean (Andoain) du egun egoitza. Ikus-entzunezkoetan ari diren kooperatibekin harremanak dituzte, eta horretan sakondu nahiko lukete: «Saretze asmo bat badago», dio Iturriozek.
Birak alternatiba sozioekonomikoak landu ditu websail batean
'Klik!' umorezko websaila asteartean estreinatuko dute. Tokiko merkataritzaz da lehen atala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu