mikel p ansa

«Bilera gehiago?»

2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Bi urte iraun du BERRIA berritzeko prozesuak. 2021eko azaroan intuizioak zirenak errealitate dira orain. Bidean, gogoeta, hizketaldi eta gorabehera asko. Lehenik, produktuari buruzko hausnarketa sakon bat, etxeko kazetarien eta lankideen ekarpenekin abiatu zena, eta pixkanaka osatuz eta borobilduz joan dena. «Beste gogoeta prozesu bat?», galdetu zuten askok, bilerak hasi zirenean. «Bilera gehiago?». Bai, izan dira bilera gehiago, aste honetan BERRIAk aurkeztu dituen berrikuntzetara iritsi ahal izateko.

Produktuaren gogoeta hori digitalean oinarritu da asko. «Zer-nolako egunkari nazionala beharko lukete euskaldunek, gaur sortu beharko bagenu? Nolakoa izango litzateke?». Galdera horretatik abiatuta diseinatu du BERRIAko lantaldeak orain BERRIAren zaleek eskuen artean duten hau. Eta ondorio bakar bat atera behar balitz gogoeta horretatik, hauxe: ez informazio gehiago, baina bai hobea, kalitate gehiagokoa, zaindua. Eta ondo aurkeztua. Paperean bai, baina batez ere sarean.

Diseinua berritzeko prozesua etorri zen ondoren, Iruñeko Errea estudioarekin elkarlanean, iazko azarotik aurtengo urrira. Bilera gehiago. Eta lan asko. Diseinu taldeak papereko maketa guztiak berregin behar izan ditu, eta maketazio sistema berri bat sortu, ia hutsetik.

Horrekin batera, laneko tresna guztiak aldatu ditu BERRIAren erredakzioak, eta teknikoek lan astuna egin behar izan dute. Azpiegitura tekniko guztia eta edizio sistema osorik berritu dituzte, Kataluniako BAB eta Galiziako Grupo Dana enpresen laguntzarekin. Eta tresna horiek euskaratu behar Euskara Taldeak. Lan gehiago.

Antolaketa eta funtzionamendua goitik behera berritzeko prozesu bat etorri da azkenik, otsailetik urrira. Bilera gehiago kazetarientzat.

Eta tartean, Martxelo Otamendi Egigurenen eta Amagoia Mujika Tolaretxipiren arteko erreleboa, eta BERRIAren hogeigarren urteurrena. Eta bilera gehiago eta lan asko marketineko taldearentzat eta etxeko beste sail guztientzat.

Ahaztu gabe bitarte horretan lantaldeak egunero argitaratu duela egunkaria. Berrikuntza hau guztia ezinezkoa izango baitzen lantaldearen konpromisoa, borondatea eta ekarpenak gabe. Hori baita, azken buruan, BERRIAk aste honetan gauzatu duen aldaketaren muina: lantaldea.

Aldaketa handia izan da, agertuko dira akatsak eta egin beharko dira hobekuntzak. Pazientzia pixka bat beharko da euskarri guztietako xehetasun guzti-guztiak doitu bitartean.

Orain, irakurleak juzgatu beharko du bi urteko lanak zenbat merezi izan duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.