Seriesland edo Bilbao International Digital Festival websailen jaialdia hamargarren aldira iritsi da, eta azaroaren 5etik 10era egingo dute aurten. Jaialdiaren kartela aurkeztu dute: urte gehienetan ageri den neska ikonikoari leial izaten jarraitu dute, baina The X-files kultuko telesailaren estiloa gogorarazten dute gainontzeko osagaiek.
Aurten, berrikuntzen artean atal pilotuen kategoria gaineratu dute. Erakusteko lehen atalak izaten dira pilotuak, eta jaialdiak talentu gazteari laguntzeko lanean jarraitu nahi du horrela. Antolatzaileek iragarri dutenez, hogei herrialde baino gehiagotako websailek parte hartuko dute jaialdian.
Seriesland jaialdiko programazioan denetarik izango dute: alde batetik, doako jarduerak, ikus-entzuleei irekitako proiekzioekin eta egileen hitzaldiekin; eta, bestetik, topaketa profesionalak —pitching-ak, speedmeeting-ak eta adimen artifiziala sormen sektorean erabiltzeko aztertzeko saioak egingo dituzte—. Sektorea aztertzeko ekitaldi bat ere egingo dute.
Jaialdiak Bilborock aretoa du egoitza nagusi proiekzioetarako eta topaketetarako. Sariak banatzeko azken gala, berriz, Guggenheim museoan egingo dute. Basqueguna ekitaldi profesionala Getxon (Bizkaia) egingo dute, iaz bezala. Programazio osoa hemendik gutxira jakinaraziko dute.