Bilboko Mendi Film jaialdian aurreko urteetan hautatutako dozena bat lan Primeran plataforman ikusi ahalko dira aste honetatik aurrera. Zortzi film luze eta lau film labur dira bilduma horretan jarriko dituztenak.
Film luzeen artean, honako hauek daude: Everest Invaders, 2T on Paiju Peak, Arriesgarse a vivir, Everest Green eta Pireneistas: mujeres y montañas.
Euskarazko lanak ere badira: Iñaki Peñak zuzendutako Mendian hil hirian hil, kasu —Jorge Nagore kazetariak Iñaki Otxoa de Olza lagunaren eta bere ama Esperanza Fraucaren heriotzagatik egindako dolutik abiatzen da—. Lan horretan mintzo dira Felipe Uriarte, Juanjo San Sebastian, Arantxa Gurrutxaga, Andoni Ormazabal, Juxe Zuazua eta Txema Cresp. Mendian ala hirian hiltzea, zein den desberdintasuna galdetuko diete filmaren egileek. Udalatx ura eta atxa dokumentalean, bestalde, Eñaut Iturbek eta Iban Aiesak Udalatx mendiaren —Bizkaia eta Gipuzkoa artean dago— misterioak kontatu dituzte. Udalatx babesteko deiadarra ere bada filma. Arrasateko (Gipuzkoa) Besaide mendizale elkartearen ekimenetik sortu zuten, eta iaz estreinatu zuten Mendi Film jaialdian.
Bildumako lau film laburrak honako hauek dira: Txango, Agur Artzai, Lobos eta Oinez.
Primeran plataforman, beste alde batetik, aste honetan Zetak. Hau ez da kontzertu bat dokumentala jarri dute —joan den astean estreinatu zuen ETB1ek—.