Bilbo Hiria irratia asteburuero bizipozten da

Bilbo Hiria irratiak 'Bizipoztu Bilbo Hirian' irratsaioa ematen du larunbatean eta igandean, 12:00etan. Irratiak denboraldi berrian estreinatu dituen bost saioetako bat da.

Bizipoza elkarteko kideek Bilbo Hiria irratian egin zuten irratsaio bat, iaz. BILBO HIRIA
Bizipoza elkarteko kideek Bilbo Hiria irratian egin zuten irratsaio bat, iaz. BILBO HIRIA
urtzi urkizu
2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Bilbo Hiria irratiak harreman estua du Euskal Herriko hainbat herri mugimendurekin, herritar talderekin eta elkarterekin. Bizipoza elkarteko taldeekin ere harremana landuz joan da azkeneko urteetan, eta horren fruitu da denboraldi honetan estreinatu duten Bizipoztu Bilbo Hirian irratsaioa. Larunbatean eta igandean ematen dute, 12:00etatik 12:30era.

Amaia Arostegi esatariak gidatzen du Bizipoztu Bilbo Hirian. Azaldu duenez, iazko maiatzean irratsaio berezi bat egin zuten hiriaren erdialdean, zuzenean, Bizipoza elkarteko taldeak ezagutarazteko asmoz. «Orduko hartan batez ere Bizkaiko elkarteek parte hartu zuten. Baina harremanean sakonduz joan ginen, eta, modu horretan, saio bat sortu dugu udazken honetan, Bizipoza elkartearen proiektuez lasaiago hitz egiteko. Tarte bat zabaltzea pentsatu genuen, eta haiek oso pozik hartu zuten proposamena». Bizipoza elkarteko taldeak ezagutarazteko modu bat da asteburuetako irratsaioa.

«Gizarte berdinzaleago baten alde egiten du saioak», aipatu du Arostegik. «Istorio desberdinak ezagutzen ditugu. Eta horiekin ikusten duzu gizartea ez dela guztiz inklusiboa. Bestelakoa beharko luke gizarteak, alegia». Horretan ari dira lanean Bizipoza elkartekoak. Eta astero Bizipoza egitasmoko elkarteren baten ordezkaria elkarrizketatzen dute.

Arostegik nabarmendu du irratsaioak orain arte «harrera ona» izan duela: «Jendeak dio polita dela, eta entzuteko atsegina». Esataria ere «oso gustura» sentitzen da saioa aurkezten. Hala ere, aitortu du erantzukizuna ere baduela: «Batzuetan kezka izaten dut ea hanka sartuko ote dudan. Ez dut inor mindu nahi erabilitako hitzekin. Buruhauste batzuk izaten ditut zenbait hitzekin». Edonola, Bizipoza elkarteko talde guztiek gauzak erraztu dizkietela nabarmendu du esatariak. «Gauza asko ikasten ari naiz. Eta batzuetan istorio oso hunkigarriak kontatzen dizkigute».

Bilbo Hiria irratiaren webgunean ere entzun daitezke Bizipoztu Bilbo Hirian saioko atalak.

Beste lau saio berri

Bilbo Hiria irratiak bestelako programa batzuk ere estreinatu ditu udazken honetan: Stendhalen oihartzunak —Garazi Navas akordeoilariak aurkezten du, eta musika klasikoaren ingurukoa da—; Kantu lorategia —Alejandro Ugaldek astero gai bat du ardatz, eta horren inguruko abestiak eramaten ditu irratira—; Norbait hil da hemen —Nahia Novo DJak egiten duen musika saioa—; eta Liburuen Errepublika Txikia —literatur saioa, Kirikiño ikastolarekin elkarlanean egindakoa—.

Urtarriletik aurrera, bestalde, irratsaio hauek bueltatuko dira programaziora: 11 Ispilu —Rafa Rueda musikariak gidatzen du—; Trabeskalea —irrati saio feminista—; eta Auzoz auzo —kaleko emankizunak, Bilboko auzoetan barrena—.

Bilbo Hiria irratian klasikoak diren beste saio asko mantendu dituzte: Ibaizabal, Potto, Piperpolis, Musibla... Gainera, Arrosa irrati sareak ekoizten duen Zebrabidea magazina ere entzun daiteke Bilbo Hiria irratiaren dialean: FMko 96.0 dialean. Baita Interneteko zuzeneko emanaldian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.