Bikotekidea bilatzeko saioen aldaera berriak sortzen ari dira

Cannesko MIPTV azokan, 'D-Acting' generoa zabaldu dela jakinarazi dute: bikotekidea bilatzeko formatuak, «testuinguru garatuetan»

Jojo Fletcher eta Jordan Rogers izango dira The Big D saioko aurkezleak. TBS kateak estreinatuko du saioa. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Bikotekide bila aritzeko saiakera kameren aurrean, eta gertuko pertsonak zelatapean. D-Acting telebistako generoak bikotekidea bilatzeko formatu berriak biltzen ditu, eta, kasu horretan, «testuinguru garatuetan» antolatzen dituzte saioetan. Adibide bat The Big D izeneko saioa da: banandu berri diren zenbait partaide paradisu baten tankera duen uharte batera eramango dituzte, eta han bikotekide bila ibiliko dira. Baina, hara non, haien senar ohiak edo emazte ohiak guztia ikusten arituko dira kameren atzealdean. Udazkenean estreinatuko du AEBetako TBS kateak. Hala jakinarazi zuten joan den astean Cannesen, The Wit konferentzian—MIPTV azokan egiten dute urtero—.

D-Acting generoko edo azpigeneroko beste programa berri bat My Boyfriend is Better da —Hego Koreakoa da formatu originala—. Bertan, bost gizon ezkongai kantu lehiaketa batean arituko dira. Neska lagunek, berriz, diruarekin apustu egingo dute, baina egin dezakete apustu beren bikotekidearen alde edo beste hautagai baten alde. Platoan dauden ehun ikuslek botoak emango dituzte, eta boto gutxien dituena kaleratu egingo dute. Horrela, lehiakide garailea gelditu arte.

Azpigenero bertsuan sartu dute Freementale banatzailearen Dating Like Stars saioa. Ezkongai batek hiru film erromantikoren eszenak errepikatuko ditu, bakoitza hautagai desberdin batekin. Ondoren, ezkongaiak hiruretako bat aukeratuko du hitzordu erromantiko bat izateko. Edo horretan saiatzeko, bederen.

My Mum, Your Dad saioan, berriz, seme-alabak dituzten aita eta ama batzuk luxuzko jauregi batera eramango dituzte. Bikotekide bila dabiltza, askotariko probak jarriko dizkiete antolatzaileek, eta ordura artekoa ohikoa izan daiteke, baina lehiakideek ez dakite beren seme-alabak ezkutuan daudela guzti-guztia ikusten, zelatan.

Baina dena ez da bikotekide edo harreman bila aritzea telebistaren entretenimenduan, eta Fresh TV Formats ekitaldian bestelako formatu batzuk ere nabarmendu dituzte: esate baterako, Erresuma Batuko BBC Studiosen Freeze the Fear abenturazko programa. Pertsonaia ospetsu batzuk Italiako iparraldera eramango dituzte, tenperatura oso hotzak egiten dituen garaian, zenbait proba fisiko eta mental gainditzera. Gidaria Wim Hof kirolaria da. Abenturen generoan hautatu duten beste formatua Herbehereetako Million Dollar Island da; ehun lehiakide uharte batera eramango dituzte, diru kopuru jakin bat balio duen besokoarekin. Probetan irabazle edo galtzaile atera, besokoak irabazi edo galduko dituzte. Eta lehiakide batek uhartea utzi behar duenean, bere diruaren partea nori eman aukeratu behar du. AEBetako NBC kateak formatua erosi du.

Poliziari egia ala gezurra?

Badira, halaber, sektoreko profesionalei atentzioa eman dieten beste formatu batzuk. Adibidez, Erresuma Batuko Bullsh*t Detectives. Poliziak galdeketa egingo die auzi baten bi susmagarriri, eta lehiakideek asmatu egin behar dute bietatik zein ari den gezurretan eta zein ari den egia esaten. Antzezpena da guztia, ordea. Komisariabaten ohiko galdekatze areto baten giroa eramango dute platora, baina aktore jokoa da atzean dagoena. Guessing Shows generoko berrikuntzarik aipagarrienetakoa da hori, eta bestea, Fame in The Family da. Pertsonaia ospetsu batek lau pertsona gonbidatuko ditu afaltzera —laurek DNA proba egin dute, eta gutxienez haietako batek senidetza harremana du ospetsuarekin—. Asmatuko al dute nor den ospetsuaren gertukoa?

Sukaldaritzak ere ez du huts egin sektoreko berrikuntzen artean. AEBetako Rat in The Kitchen, Erresuma Batuko Top Take Out eta Israelgo The Next Restaurant formatuak aukeratu dituzte Cannesen; aurrenekoan sei sukaldari lehian arituko dira, baina haietako bat oztopoak jartzen ibiliko zaie besteei; bigarrenean, janaria eramateko ontzietan sartu beharko dute lehiakideek kozinatutakoa; hirugarrenean, zenbait sukaldarik jatetxe kontzeptu propioa eraiki beharko dute estudio batean, eta epaimahaiak aukeratuko du zein bilakatuko den gero benetako jatetxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.