Bikoteentzako desafioak, bikotekide ohiekiko topaketak, kolokan dauden bikoteen terapiak... Maitasun erromantikoaren aldaera zenbait topa daitezke The Wit Frantziako aholkularitza enpresak egin duen Fresh TV Formats formatuen zerrendan. Aniztasuna ez da erabatekoa, ordea. Formatuetan bikote eta familia tradizionalen gorabeherak gailendu dira.
Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako Telemundo gaztelaniazko katerako Doble tentación formatua ekoitzi du Mega ekoizpen etxeak. Zazpi bikote ageri dira —tartean, ospetsuak—, eta «tentazio bikoitza» —egileen hitzetan— jarriko diete: hamalau ezkongai erakargarriren limurtze saioei aurre egin beharko diete. Letoniako TV3 katea otsailetik ari da ematen Mirror of Truth saioa. Bertan, krisian dauden zortzi bikote terapia intentso batean murgilduko dira, «egiaren ispiluaren» aurrean, erabakitzeko elkarrekin jarraitu nahi duten ala ez. Ispilu horrek erakutsiko die zortzi urte barru nola egongo diren. Herbehereetako Talpa Global enpresak bi formatu ditu The Witen zerrendan: On top with Goedele saioan, sexologo ezagun batek bikoteei aholkuak ematen dizkie sexu bizitza hobetzeko. Do you want to marry us? saioan, bi bikote lehian ariko dira haien ezkontza perfektua lortzeko helburuarekin. DRG banatzaile britaniarraren Rewind love saioan, krisian dagoen bikote batek bidaia bat egingo du harremanean esanguratsuak izan diren tokietara, aholkulari bat alboan dutela. Wild therapy saioan, banatzekotan diren bikoteak toki basati batera eramango dituzte, soldadu ohi batekin. Bestelako bidaia proposatzen du TNFPren Hotel Römantiek saioak: adineko pertsona batzuk Suitzako hotel lasai batera joango dira, maitasunaren bila. Bainjay talde britainiarraren Handyman wanted saioan, hiru emakume ezkongai maitasunaren bila dabiltza, eta hemezortzi gizonezko hautagai izango dituzte. Channel4 kateko Game of clones saioan —The Story Labek ekoitzia—, gizonezko ezkongai batek bere bikotekide idealaren abatarra sortzen du. Ondoren, sortutako abatarraren klonak diren zortzi emakumezkorekin zitak izango ditu. Atal bakoitzean klon bat kanporatu egingo dute. Bikoteen gorabeherei buruzko Trivial jokoaren aldaera bat ere sortu du Passion Distribution banatzaileak: The game of dating. Teleferen Despedida de solteros saioan, ezkontzekotan diren hamabi bikote banatu egingo dituzte, eta bost hilabetez beste bikote batzuetako partaideekin egongo dira. One night with my ex saioan, bikotekideak izandakoak 24 orduz egongo dira elkarrekin, haustura zergatik gertatu zen arrazoitzeko. Sex tape saioan—Amaze Formats—, hiru bikotek bideo intimo bat grabatuko dute, eta sexologo bati erakutsiko diote.
Cannesen generoko formatu gehiago aurkeztu ziren. Secuoya taldearen Hacked love saioan, bi ezkongaik 24 ordu pasatuko dituzte elkarrekin loft batean. Bakoitzak hacker informatiko baten laguntza izango du, bestearen datu guztiak ezagutzeko.
Bikote kontuak pantailak betez
Cannesko MIPTV azokan, The Wit aholkularitza enpresak urteko formatu berri esanguratsuen zerrenda egiten du. Aurtengoan, bikoteen gorabeherekin lotuak dira formatuetako gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu