Bikoiztaileena ogibide artistiko bat da, eta bertan sormena eta sentimendua dira oinarri. Giza faktorea funtsezkoa da ahotsaren magiak funtziona dezan. Bikoizketak funtziona dezan, alegia». Raul Lararenak dira hitzak. Adoma bikoiztaileen sindikatuko presidentea da, eta Madrilen ari da lanean. Berriki Espainiako, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Hego Euskal Herriko bikoiztaileen sindikatu eta elkarteak batzeko plataforma bat sortu dute. Horretan ari da parte hartzen Lara. Euskal Herriko bikoiztaileek ere parte hartuko dute.
Adimen artifizialak sortzen duen babesgabetasun juridikoari erantzuteko sortu dute plataforma hori. Eta plataforma horren eskaerei erantzunez, aktoreek, bikoizketa estudioek eta banatzaileek lan mahai bat sortu dute gaiaz aritzeko. «Mahai horretan planteatuko dira bizitzen ari garen egoera desberdinak, konponbideak lortzeko asmoz. Izan ere, marko juridiko baten babespean parte artistikoa babestua egon dadin nahi dugu», azaldu du Larak. Hilabete honetan bertan abiaraziko ditu lanak mahai horrek.
Kontua da adimen artifiziala erabiltzen hasia dela munduan barna bikoizketarako. Euskal Herrian ere hasiak dira probak egiten. Abenduan ezagutarazi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Telefonicak proba batzuk egin zituztela edukiak gaztelaniatik euskarara bikoizteko.
Xabier Arrieta Eusko Jaurlaritzako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren zuzendariak azaldu du proba horiek nola sortu diren: «Jaurlaritzaren eta EJIEren [Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea] artean pentsatu genuen bidea jorratzen hastea». Kontzeptu proba bat egiteari ekin zioten. «Behategi teknologikotik pentsatu genuen abagunea zela proba egiteko, ikusteko zer emaitza lortzen ziren».
Movistar Pluseko edukiekin hiru saiakera egin zituzten, hiru adibide hartuta: film bat, dokumental bat eta marrazki bizidun batzuk. Arrietaren arabera, marrazki bizidunetan emaitza «oso ona» izan zen. Dokumentalean makinak ez zuela itzulpena ondo egin aipatu du. «Dokumentala kasik film bat bezalakoa zen, eta elkarrizketak zeuden pertsonen artean». Off-eko narratzaile neutro batekin bikoizketa errazagoa litzatekeela iradoki du. Aldiz, fikziozko filmarekin emaitza ez zen ona izan. «Euskara, gainera, %20 ekonomikoagoa da gaztelania baino, eta egokitu egin behar dira ahotsa eta ahoa».
Filmaren kasuan, bestalde, bi proba egin zituzten: batean, ahots sintetizatuak erabili zituzten. Bestean, jatorrizko filmeko aktore baten ahotsa hartu, eta klonatu egin zuten. «Bere ahotsa hamabost minutuz hartuz, kalitate handiko ahotsa klonatzea lortu genuen. Hau da, ahots hori euskaraz ematen du makinak, bera balitz bezala». Eremu horretan aurrerapauso handiak emango direla iragarri du Arrietak. «Ahotsak klonatzeak, lehen, kostu handia zuen, baina azkeneko hilabeteetan asko aurreratu da alde horretatik».
Baina badira oztopoak. «Filma itzuli eta sintetizatu egiten du adimen artifizialak. Makinak ez du itzultzen, ordea, gidoilari baten ikuspegiarekin». Izan ere, itzulpena itzultzaile neuronalak egiten du, baina hori ez dago prestatua gidoiak itzultzeko. «Edo pertsona batek, gidoilari batek, ematen dio behar den kutsua. Edo, bestela, itzultzaile eredu bat egin beharko litzateke gidoiak itzultzeko».
Jaurlaritzako ordezkariak ohartarazi du egin dutena proba bat baino ez dela. «Emaitzak ikusteko eta teknologia nola dagoen jakiteko. Baina, oraingoz, soilik marrazki bizidunetan erabil daiteke». Teknologia oso bizkor doa, ordea. «Eta urtebetean adimen artifizialean ikaragarri aurreratzen dira gauzak». Arrietaren iritziz, gizakien eskua beharko da. «Teknologia lagungarria izango da, baina ez dugu gizakia robotarekin ordezkatuko».
Bieuse eta EHBE haserre
Euskal Herrian bikoiztaileen bi elkarte daude: Bieuse eta EHBE. Biak ala biak haserre daude adimen artifizialarekin Jaurlaritzak egin dituen probekin.
Bieuse elkarteko diruzain eta bikoiztaile Xabier Alkizak «negargarritzat» jo du egoera: «Argi dago enpresa askoren asmoa, legediaren argi-ilunak jarraitzen duen artean, gizakia ahalik eta gehien baztertuko duen lan edo produkzio bide batean sartzekoa dela, errentagarritasuna jendea kanporatuz lortuta». Erakunde publikoei kritika egin die bikoiztaileak: «Enpresa sarraskijaleak eguneroko gauza dira, baina hemen, beste inon ez bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua daukagu putreekin eskutik lanean, ustezko errentagarritasun horren izenean». Gogoratu behar da Telefonicak esan zuela marrazki bizidunak modu erdiautomatikoan euskaratzeak «errentagarritasuna» ekarriko duela, Jaurlaritzarekin proba egin ostean.
EHBEk idatziz erantzun ditu erreportaje honetarako galderak, eta kezka azaldu du: «Batez ere, Eusko Jaurlaritza dagoelako atzean. Sekula ez dira gurekin harremanetan jarri, baina, hala ere, badugu haiengana jotzeko asmoa». Adimen artifizialaren bidez bikoizketak egiteak ondorio kaltegarriak ekarriko dituela uste dute EHBEko bikoiztaileek: «Bestela ere nahiko egoera prekarioan dagoen gure lanbide hau arrisku larrian jar dezakeela uste dugu, batez ere prezioari begira». Hau ere gaineratu dute: «Bikoiztaileak antzezleak gara, eta gure lana antzeztea den aldetik, gure ahotsekin antzezten ditugun pertsonaiak sentimenduz eta arimaz janzten ditugu. Adimen artifizialak nekez egin dezake hori taxuz, eta are gutxiago gurea bezalako hizkuntza minorizatu eta ez-normalizatuan». Elkartekoak haserre daude Jaurlaritza ez delako haiekin harremanetan jarri. «Lanpostuak mespretxatzen ari direla uste dugu. Etikarik gabe jokatzen dute, dena gure atzetik eginez, gurekin ezertarako kontatu gabe».
Sistemak ahotsak behar ditu
Adimen artifizialak ereduen beharra du. Zenbat eta datu gehiago, hainbat eta sinesgarriagoa da haren sormena. Eta bikoizketan gauza bera: bikoizketak erabili behar ditu sistemak, entrenatzeko. Alkizak ohartarazi du eremu horretan legedia kamutsa dela. «Hartaz, enpresak batere lotsarik gabe ari dira baimenik gabe atzi dezaketen ahots oro osten, edonondik, eta horren laguntzaile erakunde publikoetako arduradun prestuak ari dira».
Ahotsa gizakiaren oinarrizko eskubide bat da. Alkizak dioenez, norberaren irudia edota hatz marka izan daitekeen bezala. «Horregatik, auzitara joateko asmoa dugu, Espainian eta Europan kontratuetan adimen artifiziala trebatzearen aurkako berariazko klausulak txertatzeko. Lehendik egindako lanak ez daitezen erabil nahi dugu, eta gardentasun legeak jarri beharko lirateke horretarako». Lan horiek baimenik gabe erabiltzen dituzten enpresa eta erakundeen aurka beharrezko salaketak egiteko prest daude Bieusekoak eta beste hainbat elkarte.
Antzera mintzo dira EHBEkoak. «Estatuko [Espainiako] ahots artisten elkarte eta sindikatuen plataforma berriaren bitartez, adimen artifizialaren klausula sartu dugu eskubide-lagapen guztietan, gure ahotsa horretarako erabiltzea debekatuz».
Adoma sindikatuko ordezkariak, bestalde, iragarri du adimen artifizialak behartu egingo duela bikoizketaren sektorea egokitzera eta aldatzera. «Baina gauzak arautu egin behar dira, eta klausulak ezin dira anbiguoak izan. Gardentasuna eskatzen dugu, une oro jakin dezagun ahots artifizialak nondik datozen». Larak deitoratu du adimen artifizialaren bidez gizakiak makinekin ordezkatzen badira, kalitatea nabarmen gutxituko dela. «Ikus-entzuleentzat izango da kalterik handiena. Izan ere, haiei emango zaien mezua da beren entretenimenduaren kalitatea ez dela garrantzitsua». Edonola ere, Lara pozik dago sektore osoa elkartuta ari delako auziari erantzuten.
EHBE elkarteak dio bikoizketaren sektorearen etorkizuna kolokan egon daitekeela. «Adimen artifizialaren legedia oraindik ez dagoenez argi, araudia sortzeko momentua da, mugak ezarriz eta erabilerak zehaztuz. Funtsezkoa izango da hori euskarazko bikoizketa babesteko, eta euskarak ere bere lekua izan dezan datorren ikus-entzunezkoen munduan».
Eusko Jaurlaritzako ordezkariak nabarmendu du teknologia berri hauekin askoz lan gehiago bikoiztu ahalko direla diru berarekin. «Lagunduko du daukagun baliabideekin askoz film gehiago bikoizten». Kontsumoan ere jarri du arretagunea Arrietak: «Baina nahiz eta euskarara eduki gehiago bikoiztu, gero ez baditugu kontsumitzen... Erronka handia dugu hor; hau da, bikoizten diren filmak, telesailak eta marrazki bizidunak euskaraz ikustea».
Aintzat hartzeko datua da nazioarteko streaming plataforma batzuk filmak eta telesailak euskarara, katalanera eta galegora bikoizten ari direla.
Munduan barrena bikoizketaren sektoreak «loraldi bat» duela aipatu du Alkizak. «Eduki ekoizleak diren plataformek aski garbi daukate bikoiztutako edukiak askoz gehiago kontsumitzen direla. Gainera, enpresa handi horiek lan prozesuak izugarri findu dituzte, eta orokorrean kalitate maila hobetu».
Baina euskarazko bikoizketarentzat azkeneko urteetan egoera okertuz joan da. «Urte luzeetan erakunde publikoetatik jasandako murrizketak etengabeak izan dira», dio Alkizak. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak otsailaren 6an BERRIAn salatu zuen bikoiztaileen sektorean galera gertatu dela: «Giza baliabideetan arazoak sortu dira, sektorea bertan behera erortzen utzi delako».