BerriaFM

Bihar itzuliko da'Berria FM'

Uxue Reyk eta Ane Eslabak jarraituko dute gidari lanetan, eta bi astean behin entzun ahalko da

Uxue Rey eta Ane Eslaba, Berria FM podkast feministaren gidariak. MENDI URRUZUNO.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Hau izan da Berria FM-ren aro berriaren lehenbiziko denboraldiaren azken saioa». Hala agurtu zuten ekainean Berria FM podcast feministaren denboraldia Uxue Rey eta Ane Eslaba kazetariek. Haien lehen denboraldiaren amaieran irailean itzuliko zirela esan zuten, eta hala izango da. Hiru hilabeteren ostean bueltan da BERRIAren podcastetako bat. Lau hilabetez aritu ziren mikrofono aurrean, hamabost egunean behin gai bat jorratuz. Bederatzi saio egin zituzten elkarrekin, eta gehiago egiteko gogoz itzuli dira.

Maider Galardik 2019an hasitako bideari jarraituko diote aurten Reyk eta Eslabak. Hiru urteko ibilbidea egin zuen Galardik gidaritza lanetan. Askotariko gaiak begirada feministatik landu ondoren, Reyri eta Eslabari eman zien lekukoa. Berritasunak berritasun, helburua bera zen: gai desberdinak zorroztasunez lantzea begirada feministatik. Hori egin zuten bederatzi saiotan, eta hori egiteko gogoz itzuliko dira bihartik aurrera. Aurreko denboraldian bezala, bi astean behin emango dute saioa, eta zenbait plataformatan eta BERRIAn entzun ahalko da.

Ekainaren 28an izan zen azken saioa, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Indartsu amaitu zuten denboraldia, eta horrek udan gogoa eman die aurrerantzean halako maila batekin hasi behar direla pentsatzeko. «Udako geldialdiak gogoa areagotu digu. Indartsu hasi nahi dugu, eta, ahal dela, hobera egin», nabarmendu du Reyk. Podcasta entzuten dutenek ez dute desberdintasun handirik sumatuko, aurreko denboraldian bezala aritzeko hautua egin baitute. Ez dute formatua aldatzerik pentsatu. Martxoaren 8an hasi zuten bidea, Emakumearen Nazioarteko Egunean, eta lau hilabete egin zituzten mikrofonoaren aurrean. Antzeko dinamikak izango ditu saioak; aktualitateak eskatu ahala, berrikuntzak sartuko dira, baina premien araberakoak betiere.

Bi astean behin egiten den podcast bat denez, ahal dela, hamabost egun horietan gertatu denari erreparatzen diote bi gidariek; ahal dela, albiste bat baino gehiago aipatuz. Egunkarian egunero aurkitu daitezkeen albiste batzuetan soseguz murgiltzen dira Berria FM podcast feministan. Hala ere, ez da aktualitateari lotutako podcast bat soilik. «Aktualitateak mugitzen gaitu, baina ez gaitu baldintzatzen. Gai atenporalak ere lantzen ditugu, atenporaltasunak ez dielako kentzen egokitasunik», nabarmendu du Reyk. Argi eta garbi ikusiko da hori aro berriaren bigarren denboraldian. Lodifobia landuko dute lehen saioan. Guztiz gai atenporala izan daitekeen arren, udaren ondotik «inoiz baino egokiagoa» delakoan eskainiko diote saioa gai horri. Beste hainbat gai ere jorratuko dituzte bigarren denboraldi honetan. Adibidez, puri-purian egon den, eta oraindik hala dagoen Rubiales auzia-ri tiraka, emakumeek futbolean bizi izan behar dutenak izango du tokirik podcastean.

«Adituak eta arituak»

Rey eta Eslaba dira saioaren gidariak, baina ez dira haiek Euskalerria Irratiaren estudioko mikrofono aurrean aritzen diren bakarrak. Lantzen dituzten gaietan hobeto murgiltzeko, eta entzuleari informazioa ahalik eta zorroztasunik handienarekin emateko, gai horretan «adituak eta arituak» diren ahotsak entzuten ditu entzuleak. Lehendik hala egin dute, eta haiekin sakonduko dituzte gai desberdinak denboraldi honetan ere, ertzetara joz.

Gonbidatu ezagunak izaten dira horietako asko eta asko, baina hain ezagunak ez diren ahotsei ere aukera ematea da Reyk eta Eslabak denboraldi honetarako daukaten erronketako bat. «Oraindik ikusgaitasun handirik izan gabeko jende asko dago, haiengandik asko ikas dezakeguna», nabarmendu du Reyk. Bereziki pozik gelditu ziren bi gidariak lehen denboraldian aurrez aurreko solasaldi patxadazkoetan lortutako emaitzekin, eta formatu horri ere egin nahi diote tokia bihartik aurrera hasiko den denboraldi berrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.