Bigarren soinu olatua, heltzear

Astelehenean entzun ahalko da 'Artxipelagoa' podcastaren bigarren denboraldiko lehen atala

Anartz Zuazua aktorea, aurrean, eta Itziar Ituño, atzean, bigarren denboraldiaren grabazioan. ULU MEDIA.
jakes goikoetxea
Lasarte-Oria
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Artxipelagoak gerran jarraitzen du Ipar Afrikako Ligarekin. Eibar setiatu dute. Aitor—Jareren aitona— preso dago, eta galdeketa bat egiten ari zaizkio. Hiru olatuk urpean utzi zuten Euskal Herria eta Europa gehiena. Jare protagonistak eta Ikerrek bidaia abiatu dute urak hartutako Europan zehar: Frantzia itsaso bat da, Okzitania eta okzitaniera nagusitu dira... Eta mundu distopiko hori sinesgarri egiten duten aktoreei eta ahotsei beste bat gehitu zaie: Itziar Ituño.

Artxipelagoa-ren bigarren denboraldia da. Ulu Mediak eta EITBk ekoitzitako fikziozko podcastak jarraipena izango du. Astelehenean jarriko dute entzungai bigarren denboraldiko lehen atala EITB Podkasten eta gainerako plataformetan. Hortik aurrera, atal berri bat izango da astero. Zortzi guztira, ordu erdiren bueltakoak. Bigarren denboraldiaren aurkezpena eta lehen atalaren entzunaldi kolektiboa egingo dute gaur, 11:00etan, Durangoko Azokan, Irudienean.

Artxipelagoa-ren lehen denboraldia egin zuen lantaldean izan dira aldaketak: Oier Aranzabalek jarraitu du zuzendari lanetan, baina orain Juan G. Andresen laguntzarik gabe; Xabier Etxeberria gidoilaria izan du ondoan, laguntzaile; eta Aranzabalek berak egin du soinu diseinua, ez Xanti Salvadorrek eta Koldo Corellak. Martin eta Xabier Etxeberriarena da gidoia. Aktoreen artean jarraitu dute Aitziber Garmendiak, Eneko Sagardoik, Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Anarz Zuazuak, Klara Badiolak... Zuazua arduratu da aktoreen zuzendaritza lanaz. Eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen «ezinbesteko lankidetza» izan dute.

Mundu distopiko bat, aktore askorekin... Artxipelagoa-ren sortzaileek lehen denboraldiaren aurkezpenean aitortu zuten «erronka» eta «erokeria» izan zela. Bigarrena abiatzear, oso gustura daude, bai emaitzarekin, bai izandako harrerarekin. «Gure lehendabiziko fikziozko podcasta zen, eta agian ur handitan sartu ginen, baina ez gara ito, bizirik atera gara», ondorioztatu du Xabier Etxeberriak. «Oierrekin [Aranzabal] askotan komentatzen dut hau baino zailagorik ez dugula egingo». Audio pisten ehoziri lana da, besteak beste, halako podcast bat sortzea, ahotsak, soinuak eta efektuak elkarrekin digitalki kateatuz eta josiz.

Ikasketa prozesua eta hazia

Ikasketa prozesua izan da. «Bigarren denboraldian lehenengoan ikasitakoa aplikatu dugu, ahalduntze ariketa bat izan da guretzat», azaldu du Aranzabalek.

Mugarri bat ere izan da, hazia: «Artxipelagoa-ri esker sortu dugu Ulu Media, eta aukera eman digu beste lan batzuk ere egiteko. Audio ekoiztetxe edo ideia faktoria gisa hazteko». Egin dezaketenaren erakusgarri ona da. Audio fikzio korapilatsuak egiteko gai dira. Podcastek, filmen aldean, badute abantaila: filmetan egiteko oso zailak eta garestiak diren ekoizpenak egin daitezke podcastetan, mundu berriak eraiki, askoz ere diru gutxiagorekin.

Fikziozko podcastek misterioa dute. Entzuleak ahotsak eta efektuak jasotzen ditu, eta berak sortu behar ditu irudiak. «Paradoxikoki, irudiak oso garrantzitsuak dira audioan», azaldu du Aranzabalek. «Kontua da irudi horiek entzuleak sortzen dituela, eta hor dago audioaren boterea».

Artxipelagoa ez da podcasta soilik. Webkomikia sortu dute EITBLabekin, eta paperean ere argitaratuko dute, gazteei begira batez ere. Webkomikia lehen denboraldiaren egokitzapena da, 80 orrikoa, lau zatitan banatuta. «EITBren apustua da, gaztetxoek komikiak euskaraz kontsumitzeko», Etxeberriaren arabera. Paperean Elkarrek argitaratuko du euskaraz; Norma argitaletxeak katalanez eta gaztelaniaz.

Artxipelagoa katalanez entzuteko aukeraren bat egon daiteke. Hori espero dute Ulu Mediakoek. Aktore katalanekin. «Behin podcasta eginda, oso erraza da hizkuntza aldatzea: ahotsak baino ez dira aldatu behar, beste guztia berdin geratuko litzateke», zehaztu du Aranzabalek.

Etxeberria anaiek, istorioa asmatu zutenean, hiru denboralditarako argumentua sortu zuten. Beraz, Artxipelagoa-k hirugarren denboraldia ere izango duela espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.