«Gero eta gehiago dira albisteak interesatzen ez zaizkien herritarrak, desinformazioa Tiktok eta X sare sozialetan dago nagusiki, hedabideek toki txikia uzten diote berri baikorrei, eduki sortzaileek gero eta presentzia handiagoa dute informazio iturri gisa, eta bideoa da gehien erabiltzen den formatua sarean albisteetara jotzeko». Horiek dira Reuters Institutuaren (Oxfordeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) Digital News Report 2024 txostenaren ondorio argienetako batzuk. Era berean, jaso dute adimen artifiziala aldaketa asko eragiten ari dela kazetaritzan eta komunikazio munduan.
Interneteko sare sozialetara jotzen dute herritar ugarik albisteen berri izateko. Eta sareen artean, joera batzuk agerikoak dira: azkeneko urtean indarra hartu dute Youtubek, Tiktokek eta Instagram Reelsek. Facebook sare soziala oso indartsua izan zen duela urte batzuk, baina beherantz doa: ehuneko lau jaitsi da azkeneko urtean azterketa egindako herrialdeetan —bost kontinentetako 47 merkatu aztertu dituzte—. Munduko datuen arabera, herritarren %31k Youtubera jotzen dute astero informazioa izateko; %21k jotzen dute Whatsappera; eta %13k Tiktokera —18-24 urte arteko gazteen artean, %23k—. Hain justu, Txinako plataforma horrek gainditu egin du Twitter —X deitzen da orain—. Hamar herritarretik batek baino ez du erabiltzen X informazioa jasotzeko.
Aldaketa horiekin batera, nabarmendu behar da bideo formatua ari dela gailentzen, bereziki gazteen artean. Hiru herritarretik bik Interneteko bideo laburrak ikusten dituzte albisteen berri izateko. Bideoen artean, bestalde, plataforma edo sare sozialetakoak gailentzen dira (%72), hedabide tradizionaletako webetakoen (%22) aurrean.
Youtube eta Tiktok plataformetan bereziki, arreta sortzaile gazteengan, influencer-engan eta komentarista alderdikoietan jarrita dago. Hala ere, marka tradizionalek eta kazetariek rol garrantzitsua jokatzen dute oraindik X eta Facebook sare sozialetan. Hedabideek eta kazetariek, ordea, zailtasunak dituzte arreta bereganatzeko Instagram, Tiktok eta Snapchat sare sozialetan.
Herritarrek albisteekin duten konfiantza %40ren bueltan dabil, baina alde handia dago herrialde batetik bestera: Finlandian herritarren %69k dute konfiantza hedabideen albisteekin, eta Grezian eta Hungarian %23koa da konfiantza.
Albisteek piztutako interesa, beherantz
Azkeneko hilabeteetan herrialde ugaritan egin dituzte hauteskundeak. Hala gertatuko da urtea amaitu bitartean ere, eta horrek eragin du albisteek piztutako interesak gora egitea merkatu batzuetan; esate baterako, Ameriketako Estatu Batuetan %3 egin du gora azkeneko urtean. Baina beste herrialde batzuetan beheranzko joera nabaria da: Argentinan, albisteekiko interesa %77koa zen 2017an, eta azkeneko urtean %45eraino jaitsi da. Erresuma Batuan informazioak sortutako interesa ehunekoa erdira jaitsi da hamarkada batean.
Bestalde, herritar askok albisteetatik «ihes selektiboa» egiten dute. Aztertu dituzten 47 merkatuak aintzat hartuz gero, herritarren %39k «zenbaitetan edo sarri» albisteak saihestu egiten dituzte. Hala jokatzen duten herritarren ehunekoa hiru puntu hazi da azkeneko urtean. Halaber, herritar askok diote «gainezka» eginda daudela albiste asko daudelako: hala sentitzen direnen kopurua %11 igo da 2019tik hona.
Interneteko albisteak benetakoak ala faltsuak diren, horrek kezkatzen ditu herritar asko: kezka hori %56tik %59ra handitu da azkeneko urtean. Kezkarik handiena Hegoafrikan (%81), AEBetan (%72) eta Erresuma Batuan (%70) dute. Europako iparraldeko herrialdeetan kezka hori apalagoa da, eta, hain justu, herrialde horietan ordaintzen dituzte herritarrek gehien hedabide tradizionalen harpidetzak.
Adimen artifiziala da txostenean sakontasunez lantzen diren gaietako bat. Interneteko sare sozialetan gerrekin eta gatazkekin lotutako irudi faltsuak zabaldu dituzte azkeneko urteetan —adimen artifizialarekin sortutakoak, kasurako—. Herritarrek, bestalde, ikertzaileei esan diete konfiantza handiagoa dutela albisteekin adimen artifiziala kazetariek kontrolatzen dutenean. Ikerketa kualitatiboak dio konfiantza «funtsezko auzia» izango dela etorkizunean. Herritarren ehuneko handi bat ez dago eroso adimen artifizialak politikarekin edo delituekin lotutako albisteak sortzearekin. Edonola ere, gero eta hedabide gehiagok erabiltzen dute adimen artifiziala, eta gero eta aldaera gehiagotan.