'Biba zuek!' saioak mila atal egin ditu jada

ETB1eko programak martxoaren 20an emango du milagarren atala: gala berezi bat. Dena den, gaur bertan hasiko dituzte ospakizunak, herriz herri.

Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus ETB1eko 'Biba zuek!' saioko aurkezleak. ETB
Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus ETB1eko 'Biba zuek!' saioko aurkezleak. ETB
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 10a
12:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Irailean beteko ditu bost urte ETB1eko Biba zuek! magazinak. Astegunetan ematen dute saioa, arratsaldero. Eta, dagoeneko, mila atal egin dituzte. Martxoaren 20an egingo dute ospakizunik handiena, baina gaurtik aurrera herriz herri ibiliko dira Maddalen Arzallus, Xabier Sukia eta saioko kolaboratzaileak herritarrekin zenbaki berezi hori ospatzeko. Ikus-entzuleei eskerrak eman nahi dizkiete, arratsaldero pantailaren beste aldean egoteagatik. Gainera, gaur bertan bideoklip bat estreinatuko dute, ospakizunari musika jartzeko xedez.

Hortaz, gaur hasi eta datozen egunetan, milagarren saioaren ospakizunek presentzia nabarmena izango dute ETB1eko magazinean.

Hilaren 20an, berriz, bi saio berezi egingo dituzte: arratsaldeko saioak ohiko ordutegia izango du, 17:45etik 19:45era. Erromeria giroan, urteotan programan azaldu diren hainbat ekoizlek azoka berezi bat prestatuko dute. Bidelagun izan dituzten elkarteetako ordezkariak elkarrizketatzeaz gain, gaueko saioaren prestakuntza eta entseguen zuzeneko jarraipena egingo dute. 19:00etan, photocall-a hasiko da, galara joango diren gonbidatu guztiekin.

Gauean emango du ETBk Biba zuek. Mila 1.000 esker! saio berezia, 22:25ean. Gala berezi horretan, ehun gonbidatu inguru izango dituzte; tartean izango dira ohiko kolaboratzaileak, aktoreak, musikariak, gizarte eragileak... Solasaldiak eta zuzeneko musika emanaldiak ere izango dituzte.

Programako arduradunek azaldu dutenez, «euskara, aniztasuna, berdintasuna eta naturarekiko errespetua» balioak transmititu dituzte urteotan. «Balio horiek transmititzeko orduan bidelagun izan diren guztiei omenaldia egingo zaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.