Jon Gomez Garai. Kazetaria eta aurkezlea

«'Biba zuek!' da tokikoen gertutasunera gehien hurbiltzen den saioa»

Galdakaoko eta Usansoloko 'Binke' aldizkariko zuzendaria izateaz gain, astean bitan ETB1eko 'Biba zuek!' saioan agertzen da Gomez Garai. Nabarmendu du euskal kulturaz «maitasunez» aritzen direla saio horretan.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Galdakaoko eta Usansoloko (Bizkaia) Binke aldizkariko zuzendaria da Jon Gomez Garai (Galdakao, 1990). Makina bat saio aurkeztu ditu telebistan, eta ekitaldi askoren aurkezle izan da azkeneko urteetan.

Zer moduzkoa izan da telebistara itzultzea?

Polita eta berezia. 18 urte ditudanetik ez diot inoiz utzi EITBrentzat lanak egiteari, baina badira urte batzuk kamera aurretik aldenduta ibili naizela. Agerraldi batzuk egin izan ditut, baina zuzeneko ekitaldiak ziren. Erreportari lanetan oso gustura nabil orain.

Zein da zure betebeharra Biba zuek! magazinean?

Astean bi aldiz agertzen naiz. Astelehenetik ostiralera arteko lana eskaini zidaten, baina nire lan jardunaren parterik handiena Binke aldizkarian egiten dut, arduradun. Esan nien astean pare bat egunez zerbait egin nezakeela, eta handik gutxira jaso nuen eskaintza.

Euskal Herriko hainbat tokitan egiten dituzu zuzeneko konexioak, ezta?

Bai, batzuk instituzionalagoak edo formalagoak izaten dira. Eta beste batzuk, abentura parke batean edo musika eskola batean, ikasleekin. Denetarik tokatzen da: askotan, aktualitateari lotutako gaiak dira. Gai asko lantzen dira Biba zuek! saioan.

Nolako ekarpena egiten du euskarazko telebistagintzan Biba zuek! programak?

Ekarpen handia egiten du. Magazin fresko bat da, eta freskotasun horrek ez du kentzen gai serioak lantzeko aukera. Uztarketa hori garrantzitsua da, egun euskarazko telebistagintzak izan dezan horrelako magazin bat. Euskaratik eta euskaraz pentsatuta dago. Herrietako konexioak ere hor daude. ETB telebista nazionala da, eta akaso inoiz ezingo du bete tokiko hedabide batek bete ohi duen funtzioa. Baina Biba zuek! magazina da tokikoen gertutasunera gehien hurbiltzen den saioa. Bi aurkezleak ere aipatzekoak dira, euskaltzaleak baitira. Euskal kulturaz eta gaiez maitasunez hitz egiten da saioan.

Binke aldizkarian aspaldian zabiltza. Zer du ona eta zer arriskugarria zuretzat tokiko kazetaritzan aritzeak?

Tokiko hedabide batek, mentalitatez, xumetasunetik du asko. Horrek, askotan, autoesklabotza ikaragarria dakar horretan ari garenontzat, berez. Hedabide txikietan dena egin behar izaten baitugu: erredaktore lana, maketazioa, argazkiak, sare sozialak, zuzendaritza... eta, askotan, oso zaila da hori. Baina joera aldatzen ari da; Bizkaian, gure mentalitatea aldatzen ari da, Bizkaiko Foru Aldundia atzean baitugu, hau profesionalizatu egin behar dugula esaten. Foru aldundia akuilua sartzen ari da, eta xumetasun nabarmen horretatik aldentzen ari gara.

Baina alde onak eta abantailak badira, ezta?

Guk Binke-n zera esaten diogu irakurleari: «Zure hedabiderik gertukoena gara». Ematen ditugun albiste batzuek ez dute tokirik hedabide handiagoetan. Esaterako, aurrekoan bi basurde kalez kale ibili ziren Galdakaon, eta horrek ez zuen tokirik hedabide nazionaletan. Baina herritarrentzat polita zen albistea.

2015ean, SexSua sexu heziketaren inguruko saioa gidatu zenuen ETBn. Telebista publikoak arreta handiagoa jarri beharko luke sexu heziketan?

Bai, bistakoa da. Matxismoa eta berdintasun falta hor daude oraindik gizartean eta gazteen artean. Hedabideek —batez ere publikoek— badute ardura sexu hezkuntzari dagokionez. Ez zen aukerarik suertatu SexSua-ren bigarren denboraldia egiteko, eta nik onartzen dut ahalegina bere horretan utzi nuela. Pena da.

Aukera emango balizute, zer beste gairen gaineko saioa egingo zenuke ETBn?

Oxabi erromeria taldean kantatzen nabil, eta, azken 17 urteotan, jabetu naiz talde asko daudela. Gazteentzako erromeria taldeen gaineko saio bat egingo nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.