Irratian 11 urterekin hasi zen Ane Zabala (Bilbo, 1975), Radio Euskadin. Bilbo Hiria irratiko Piperpolis programari 2005ean ekin zion. Hamaika telebistan ere egin zuen lan. Sei urte daramatza Bilbo Hiria irratiko koordinatzaile, eta Piperpolis-ekin jarraitzen du.
Espainiako lege berriak zabaldutako zirrikituarekin, ba al duzue legezko frekuentzia lortzeko itxaropenik?
Itxaropena ez da inoiz galtzen. Baina bai, badaukagu itxaropena. Oso sinetsita gaude merezimenduz izan beharko genukeela frekuentzia aspalditik, baina, bestalde, erregulazio berri honen ezaugarriekin bat egiten du Bilbo Hiriak. Irrati komunitario moduan ikusten dugu geure burua, eta esperantza badugu.
Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk egin zuen lizentziak banatzeko lehiaketa okerragoa zen zuentzat?
Bai, lehiaketa hura ez zegoen eginda gure ezaugarriak dituzten irratiei begira. Hala ere, aurkeztu ginen.
Zertan aldatuko litzateke Bilbo Hiria baimena lortuz gero?
Legezko frekuentzia izango genuke. Legezkoak izango ginateke diru laguntzak eskatzeko, adibidez. Gaur egun, hedabide digital bezala aurkezten gara. Gu irratia gara, nahiz eta webgunea badugun. Bestalde, duela 26 urte irratia sortu zutenentzat ere aitortza litzateke.
25. urteurrena ospatu zenuten iaz. Nola dago orain proiektua?
Azkeneko bi urteak ez dira samurrak izan herrigintzatik datozen proiektuentzat eta komunitate bat osatzen dutenentzat. Saiatu gara mantentzen, ahalik eta gehien. Eta orain geure burua berrasmatzen ari gara, indartzen. Pandemiarekin, kalean ibiltzeari utzi egin genion. Bilboko Aste Nagusian itzuli ginen kaleko emankizunetara.
Kalean irratsaioak egiten jarraitzeko asmorik ba al duzue?
Bai. San Tomasen ere saio berezi bat egin genuen, 97 eta Irola irrati libreekin batera. Eta, hain justu, larunbat honetan inauterietako zuzeneko emankizuna Bilboko Kale Nagusian egingo dugu. 11:00etatik 14:00etara arituko gara, mozorrotuta.
Jende gaztea proiektura gerturatzeak zer garrantzia du zuentzat?
Sekulako arnasa ematen digu.Gazte batzuk etorri zaizkigu, egiten ari dira saioak, eta gure komunitatera batu dira: haize berria da. Anabasa, gainera, bideopodcast formatuan egiten dute.
Bilbo Handiko euskaldunen komunitateak zer iritzi du irratiaz?
Galdera potoloa da nik erantzuteko. Euskaldunak oso deserrotuta daude Bilbon: ez daukagu erreferentzia argirik. Euskalgintzan eta herrigintzan dabilen jende askok entzuten du irratia, eta proposamenak egin dizkigute. Baina zaila da jakitea barreiatuta dauden euskaldunek zer iritzi duten egiten dugun horretaz. Kalean egiten ditugun emankizunek izaten dute oihartzunik handiena.
Arrosa sarean ere bazaudete.
Tresna aparta izan da Arrosa guretzat, programazioa kalitatezko edukiekin osatzeko. Beste irrati batzuen egiteko formak partekatzeko aukera ere ematen du. Ezinbesteko espazioa da Arrosa.
Urte mordoa daramazu irratian. Zer sentitzen duzu mikro aurrean jartzen zarenean?
[Barrez hasi da]. Oso gauza naturala da niretzat. 37 urte dira irratian, etenik gabe...
Zer falta zaizu irratian egiteko, oraino egin ez duzuna?
Galdera ona... [barre gehiago]. Udal politikako kontuei erreparatzen diegu Bilbo Hirian, baina Eusko Legebiltzarreko politika gaiak ez ditut inoiz jorratu, eta hori falta zait. Fikzioa egitea asko gustatzen zait, adibidez.
Antzerkigintzan asko aritu izan zara, Galder Perezekin batera. Zuen zer antzezlan eramango zenuke irratira?
Zortzi begi. Esketxak dira, eta entzulearentzat entzungarria izan daiteke atalka eginez gero. Fikzioa egitea lan handia da, ordea.
Ane Zabala. Bilbo Hiria irratiko koordinatzailea
«Bi urte hauek ez dira samurrak izan herrigintza proiektuentzat»
Agiriak aurkeztu ostean, Bilbo Hiria irratia zain da legez emititzeko baimena lortzeko. «Itxaropena badugu», dio Zabalak. 1997an irratia sortu zutenentzat «aitortza» litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu