Bi Pulitzer saridun preso daudela salatu du Reutersek
Wa Lone eta Kyaw Soe Oo Reuters agentziako Myanmarko kazetariek Pulitzer saria irabazi dute asteon. Agentziako editore buru Stephen J. Adlerrek salatu du kartzelan daudela bi kazetari horiek, zazpi urteko zigorra betetzen. Garai kolonialean Myanmarren onartutako sekretu ofizialen legea urratzea leporatzen diete bi kazetariei. Izan ere, Lonek eta Soe Ook hobi bat aurkitu zuten hamar hilotzekin Inn Dinn herrian; armadak 2017ko udan eraildako rohingyen —talde etniko musulmana— gorpuak ziren. Bi kazetariak 2017ko abenduan atxilotu zituzten Rangunen, rohingyen hilketari buruzko erreportajea amaitu aurretik. Haien lankide Simon Lewisek eta Antoni Slodkowskik bukatu zuten lana, eta horiei ere Pulitzer saria eman diete. Nazio Batuen arabera, rohingyen aurkako genozidioak 10.000 hildako baino gehiago eragin zituen. Lone eta Soe Oo kazetariei Unesco/Guillermo Cano prentsa askatasunaren saria ere emango diete, maiatzaren 2an. Wojciech Tochman epaimahaiko presidenteak esan du bi kazetariek Myanmarren berpiztea irudikatzen dutela, «hamarkadetan bakartuta egon ostean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu