Donostiako EHUko fakultatean antropologia ikasten ari da Ekhiñe Zapiain (Bera, Nafarroa, 2002). Bertsolaria da, eta Arrosa sarekoa da haren lehen esperientzia komunikabideetan. Ttipi-Ttapa aldizkarian (Nafarroa) zutabeak idatzi izan ditu.
Zer moduz joan zaizkizu lehen egunak Zebrabidea magazina aurkezten?
Ongi. Lehen bi asteak formatzeko hartu genituen. Martxa hartzea ez da erraza izan, kazetaritzaz ez bainekien deus. Mikro aurrean egunean bi orduz jartzera behartzen nau Zebrabidea-k. Baina, Arrosa sareko magazina denez, irratiek ekarpen dezente egiten dituzte, eta ia nahi gabe betetzen dira minutuak. Gainera, Antxeta irratikoak asko ari zaizkit laguntzen. Lehen eguneko urduritasuna gainditzen ari naiz.
Elkarrizketak prestatzen nola moldatzen zara?
Hasieran, nahiko zaila izan da. Aurreikuspenarekin lotzen ditut elkarrizketak, baina zailak dira grabaketak. Ez da erraza gonbidatu guztiak Hendaiako [Lapurdi] Antxeta irratiko egoitzara joatea, eta batzuetan ni ari naizmugitzen jendearengana grabagailuarekin. Gazteen ikuspegitik elkarrizketa dezente egiten saiatzen ari naiz.
Zer iruditzen zaizu zailena?
Bi orduko programa osoari lotura ematea da zailena. Elkarrizketa bat egin dezaket, baina gero irrati baten erreportajea dator, eta horiek nola lotu da zailena.
Berako hizkeran aritzeko lizentzia baduzu, ala euskara batuan aritzeko eskatu dizute?
Ez didate inolako arazorik jarri alde horretatik. Euskalkira jotzeko ohitura izaten dut. Hori bai, esan didate irratsaioa ulertu behar dutela Zuberoan eta Bilbon. Hizkeraz aparte, edukiak aintzat hartzeko esan didate. Euskal Herri osoko markoa hartu behar da aintzat, eta ertz desberdinak ukitu.
Zebrabidea magazinean askotariko ahotsak entzuten dira. Aniztasun hori Euskal Herriaren aberastasunaren seinale al da?
Bai, hala uste dut. Magazin nazional bat da, eta garrantzitsua da askotariko gaiak lantzea eta askotariko ekarpenak jasotzea. Euskal Herriko hainbat irrati librek egiten dute ekarpena Zebrabidea-n, eta hor islatzen da Euskal Herriaren errealitate zabala.
Etorkizunean irratigintzan lan egin nahiko al zenuke?
Ez dakit. Oraingoz gustura nago. Giro paregabea dago Antxetan, eta horrek lana errazten du. Halaber, gustura nago lanak gauza asko erakusten dizkidalako. Etengabe gai desberdinak ari naiz lantzen: formazio pertsonalerako ederra da hori.
Podcasten artean, nolakoak entzuten dituzu?
Spotifyn entzuten ditut batzuk. Barruan gaude elkarrizketa podcasta oso gogoko dut.
Esan ohi da zure belaunaldikoek irratia gutxi entzuten dutela. Zer iruditzen zaizu?
Duela gutxi arte, harreman gutxi nuen irratiarekin: ez nuen askorik entzuten. Baina konturatu naiz inguruan gazte askok podcastak entzuten dituztela, eta zenbaitek irratiarekin lotzen dituzte podcastak. Horietako gazte batzuk hasi dira autoan irratia jartzen. Nire inguruko jendeak Euskadi Irratiko Faktoria eta halako saioak entzuten ditu. Aldiz, telebista tradizionala ez dute batere jartzen.
Sare sozialen bidez jasotzen dute informazioa zure belaunaldikoek. Zer dute txarra eta zer dute ona sare sozialek?
Une honetan, sare sozial guztiak kenduko nituzke, ikusita zer forma hartzen duten eta parez pareko harremanak zenbat galdu duen. Amorrua eragiten dit. Jendea artifiziala bilakatzen ari da.
Ekhiñe Zapiain. Arrosa sareko, 'Zebrabidea' magazineko esataria
«Bi orduko irratsaio osoari lotura ematea da zailena»
Astegunetan 'Zebrabidea' magazina gidatzen du Zapiainek, 16:00etatik 18:00etara. Lehen esperientzia du irratian. Elkarrizketak «gazteen ikuspegitik» egiten ari dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu