Podcastetan egiten den lana aitortzeko, Ondas sariak banatuko dituzte laugarren urtez. Gaztelaniazko podcastak dira hautagai gehienak, baina Mare euskarazko podcasta bi sari irabazteko hautagaia da: hizkuntza koofizialetako podcast onenaren sarirako eta podcast esperimental onenaren sarirako.
EITBrentzat Maider Uriartek eta Inko Martinek sortutako podcasta da Mare. Dibulgazioa eta sormen artistikoa uztartzen ditu. «Ingurumenaren inguruko kontzientzia sortu eta dibulgazio ozeanikoa sustatzen da bertan, itsasoarekin zerikusia duten pertsona, gune eta espezieak ezagutaraziz», azaldu du EITBk. Lehen denboraldia hamabi atalez osatua dago; laburrak dira atalak.
Ulu Media ekoiztetxeak EITBrentzat ekoitzitako Holobiontea euskarazko audio fikzioak, bestalde, soinu diseinu onenaren Ondas saria irabazteko aukera du: hautagaia da, beste lau audio fikziorekin batera. Iazko otsailean estreinatu zutenHolobiontea, eta urrian iritsi zen bigarren denboraldia. Gaztelaniazko bertsioa ere estreinatu dute. Guau plataforman daude entzungai atalak.
2022. urtean, Lokatza euskarazko podcastak Ondas sari bat jaso zuen.
Aurten, podcastgintzaren Ondas sariak udaberrian banatuko dituzte. Ez dute iragarri sari banaketa zein hiritan egingo duten.