Bi belaunaldiren arteko eztabaida

Bost atal ditu 'Zubiak' podcastak. Ogibide bera duten edo ezaugarriren batean bat datozen bi lagun elkartzen dituzte atal bakoitzean, bakoitza belaunaldi batekoa, eta komunean duten gaiari buruz eztabaidatzen dute.

Maixa Lizarribar eta Hekthor Folk, 'Zubiak' podcastaren grabazioan. ZUBIAK
Maixa Lizarribar eta Hekthor Folk, 'Zubiak' podcastaren grabazioan. ZUBIAK
urko iridoy alzelai
2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

Belaunaldi batetik bestera aldaketak egoten dira, baina batzuetan, uste baino gutxiago. Bi belaunaldi elkartzea eta bateratzen dituen horri buruz eztabaidatzea da Zubiak podcastaren helburua. EITB Podkast atarian entzun daiteke Zubiak; entzun bakarrik ez, ikusi ere egin daiteke, produktu transmedia bat da eta. Ogibide bera duten edo ezaugarriren batean bat datozen bi pertsona elkartzen dituzte Zubiak podcastaren harira, haien ikuspegia plazaratu dezaten.

Garazi Belasko da podcastaren zuzendaria. «Euskal Herriarekin harremana duten gaiak aurkitu nahi izan ditugu», azaldu du Belaskok. Horrela, lehen bost saioetako bakoitzean gai bat jorratu dute: LGTBI kolektiboa, kirola, musika, folka eta sukaldaritza. «EITBk proposamena helarazi zigunean, haiek argi utzi ziguten telebistan emateko saio oso motzak nahi zituztela, hiru minutukoak. Guk luzeagoak egin nahi genituen, eta horrela sortu zen podcastaren ideia». Orain, Zubiak podcast moduan entzun daiteke EITB Podkast atarian, baina eztabaidako pasarterik esanguratsuenak telebistan eta EITBren Youtubeko kanalean ere eman dituzte. 

Podcastak hainbat berezitasun ditu. Batetik, grabatzen den lekua bera, kanpoaldean izaten baita ia beti. Gonbidatu gazteak aukeratzen du lekua. «Normalki, gazteek haientzat garrantzitsuak diren lekuak aukeratzen dituzte, zerbait sentiarazten dieten lekuak», azaldu du zuzendariak. Era berean, gonbidatu zaharragoak badaki nor edukiko duen aurrean, baina gazteak ez. «Oso kuriosoa izan zen kirolaren podcasta grabatu genuenean Lur Errekondok Peru Harri museoa aukeratu izana, zerbait susmatzen zuen arren, ez baitzekien Iñaki Perurena edukiko zuela aurrean». Podcastak ez du aurkezlerik; beraz, elkartzen diren bi gonbidatuak dira protagonista bakarrak.

Lehenengo atalean, Zuriñe Txiki eta Aner Peritz elkartu zituzten. Peritzek erabaki zuen saioa Gasteizko Alde Zaharrean egitea, «leku berezitzat» daukalako. LGTBI komunitatearen inguruan sortutako askotariko gaiak jorratu zituzten biek. «Lehen saio hartan, Zuriñe Txikik Anerri esan zion biek bizi izandakoa ez zela hain desberdina, LGTBIQ+ komunitatean ez zegoela hainbesteko kontrasterik belaunaldien artean. Hor argi ikusten da askotan belaunaldi batetik bestera ez dagoela hainbesteko aldaketarik, eta, aldaketa horiek erakustea izan den arren gure helburuetako bat, horrelako pasarteak bere hartan uztea erabaki dugu, horrela baita errealitatea», esan du Belaskok.

Atal berriak

Errekondok eta Perurenak herri kirolek izandako bilakaera jorratu zuten Peru Harrin, eta Maixa Lizarribar eta Hekthor Folkek, berriz, folkak izandakoa, Folken etxean. Euskal musika hartu zuten hizpide hirugarren atalean, eta Olatz Salvador eta Alex Sardui elkartu ziren. Salvadorrek Kursaalaren atzeko plazatxoa aukeratu zuen kokaleku moduan, bertan eman baitzuen jendaurreko bere lehen kontzertua kanta propioak kantatuz. Ekainean eta uztailean emititutako saioetako azkena sukaldaritzaren ingurukoa izan da. Jabi Ribero eta Hilario Arbelaitz Tolosako Berdura plazan elkartu ziren, euskal sukaldaritzaz mintzatzeko hamazazpi minutuz.

Hurrengo atalak udazkenean kaleratuko dira, eta gaiak hauek izango dira: literatura, zinema, euskara eta klima krisia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.