'Bi arnas' dokumentala Primeran plataforman ikus daiteke gaurtik

Iratxe Sorzabal presoak jasandako torturak ditu abiapuntu lanak. TV3 kateak estreinatu zuen telebista konbentzionalean. ETBk ez du eman oraindik, nahiz eta eskubideak erosiak dituen.

Iratxe Sorzabal, 2001ean. BERRIA
Iratxe Sorzabal, 2001ean. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 26a
13:20
Entzun

Bi arnasa: Iratxe Sorzabalena eta haren ama Mari Nieves Diazena. Bakoitzak bere erara, torturak eragiten duen arnasa falta jasan dute, beste hainbat sufrimendurekin batera. Torturaren inguruko lekukotza dokumental bat da Bi arnas, eta Sorzabalek jasan zituen torturak ditu abiapuntu. Jon Mikel Fernandez Elorzek zuzendu zuen lana, eta 2022. urtean estreinatu zuten. Ehun emanaldi baino gehiago egin dituzte hainbat herrialdetan. Orain, berriz, EITBren Primeran plataformara iritsi da —torturaren biktimen babeserako eguna da gaur, eta horregatik erabaki dute aste honetan estreinatzea—.

Imanol Arzuaga Kima dokumentalaren ekoizleak nabarmendu du hasieran uste zutena baino ibilbide luzeagoa egin duela filmak. «Proiektu txiki baten modura hasi zen Bi arnas, eta, jende askoren laguntzarekin, Euskal Herriko txoko askotara iritsi da». Euskal Herriko emanaldiez gain, Herrialde Katalanetan, Frantzian, Alemanian, Suitzan eta Uruguain proiektatu dute.

Telebista konbentzionalean Kataluniako TV3 kateak estreinatu zuen, iazko martxoan: %10,1eko ikusle kuota lortu zuen —193.000 ikus-entzule—. «Kataluniako telebistaren plataforman jende askok ikusi du gerora ere», Arzuagaren hitzetan. Kanaldudek ere emititu du. Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuetako Pragda plataforman ikus daiteke lana —unibertsitateen sareko atari bat da—. Dokumentaleko zuzendariak gogoratu du TV3ek dokumentala emititzea erabaki zuenean katalanera bikoiztu eta Interneteko sare sozialetan «fundamentuzko kanpaina bat» egin zuela. «Gure itxaropena da ETBk gauza bera egitea. Kosta zaie, baina azkenean jarri dute dokumentala Primeran plataforman. Hurrengo pausoak izan beharko luke ETBk telebista konbentzionalean emititzea».

Bi arnas zinema jaialdi batzuetan ere proiektatu dute: Hazparneko (Lapurdi) Zinegin jaialdian, Donostiako Zinemaldian eta Krakowiako (Polonia) nazioarteko jaialdian.

Dokumentaleko pasarte bat esanguratsua eta gordina da: 2001ean, torturak sufritu eta berehala, elkarrizketa bat eman zuen Sorzabalek. Euskaldunon Egunkaria-ko kazetari lanetan ari zen Eneko Bidegain, eta hark egin zizkion galderak. Kamera lanak, berriz, Torturen Aurkako Taldeko Axier Aritzetak egin zituen. EITBk bere garaian ez zuen eman elkarrizketa hura, baina dokumentalean ikus daiteke.

Lan gehiago Primeran-en

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izango da aste honetan. Hori dela eta, Zinegoak jaialdiaren bilduma berezia prestatu dute Primeran plataforman: Ni D'Eve ni D'Adan, Rafiki eta Sirens lanak igo dituzte katalogora. Egun horrekin lotuta, bi film luze, zortzi film labur eta beste zortzi telesail nabarmendu ditu plataformak.

Bestalde, bihar estreinatuko du Primeran-ek Marea horia dokumentala. Frantziako Tourrak iaz Euskal Herrian egin zituen lehen etapen kontakizuna egiten du 33 minutuan.

Igandean, beste alde batetik, Primeran plataformak Iban & Maite Beauty saioko lehen denboraldiaren azkeneko atala estreinatuko du. Gonbidatuak Julen Agirrezabala eta Asier Villalibre futbolariak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.