Boladan dago garai bateko musikariak edo aktoreak saio berezi baterako elkartzea. Primeran plataformak, esaterako, Betizu Taldeko zenbait partaide elkartu ditu: BT 2025 emankizun berezia grabatu zuten atzo Donostiako Miramongo estudioetan, eta urtarrilaren 6an estreinatuko dute saio hori. Nerea Alias eta Joseba Olagarai Betizuko aurkezle ohiak dira galaren gidariak. 70 minutu iraungo du, eta gala lau zatitan banatuko dute. Betizu Taldeak lau disko argitaratu zituenez, Primeran-eko arduradunek ere diskoz disko egituratu dute programa: BT 1.0, Garaje Sound, Bizi Bizi eta Gazteok. Betizu Talde batean eta bestean aritutako zortzi kidek parte hartu dute galan.
Galan bederatzi abesti kantatuko dituzte: batzuk binaka, besteak taldean, eta beste batzuk denak batera. Lehiakideek kantatuko dituzten abestiez gain, artista gonbidatu bat ere izango dute, eta horrek Betizuren abesti baten bertsioa egingo du.
Galan zehar, Betizu saioa ETBn emititzen zuten garaiko bideoak ikusiko dira, parte hartzaileak elkarrizketatuko dituzte, castingera aurkeztu ziren aurpegi ezagunak errepasatuko dituzte... Hala ere, gehienbat programa musikala izango dela nabarmendu du Primeran-ek.