Joan den abenduaren 4an izan zuen azken laneguna Joseba Martin kazetariak (Barakaldo, Bizkaia, 1960). Barakaldoko Zirika irrati librean, EHUren Leioako irratian eta Bilboko Herri Irratian egin zituen lehen urratsak, baina haren jarduera, batez ere, Radio Euskadiri eta La jungla sonora irratsaioari lotuta ageri da: azken irratsaio hori 34 bat urtez egon da antenan, ia 7.000 programa emititu ditu, eta Euskal Herriko musika irratigintzan ezinbesteko erreferentea izan da. Orain, erretiroa hartuta, beste zeregin batzuetarako astia izango du Martinek.
Noiz hasi zinen Radio Euskadin?
Barakaldoko Radio 7 irratian nengoela, Radio Euskadirako oposizioak atera ziren. Aurkeztu nintzen, eta 1.500 kazetariren artean bigarren gelditu nintzen. 1988an izan zen. Hasiberri guztiek bezala, albistegietan jardun nuen lehenengo hilabeteetan. Hurrengo urtean musika irratsaio baterako proiektua aurkeztu nuen, eta zuzendaritzak onartu egin zuen.
La jungla sonora abian jarri zenuenean, zeintzuk ziren zure erreferentziak?
Nik, batez ere, Radio 3 entzuten nuen, kazetari espezializatu ugari zeudelako eta nork bere esparrua lantzen zuelako: folka, world music izenekoa, musika zelta, rocka eta abar. Ni ez naiz bilakaera izan duen rockzale bat: beti izan dut oso ikuspegi zabala eta jazza, bluesa, gospela eta antzekoak hasiera-hasieratik interesatu izan zaizkit. Bestalde, Pablo Cabezasek, Roge Blascok eta abarrek Radio Euskadin bertako taldeen inguruan egiten zituzten irratsaioak ere gustura entzuten nituen.
Hiru hamarkada hauetan irratiak aldaketa handiak izan ditu, eta musikak, zer esanik ez. Nola lortzen da musika irratsaio batek hainbeste irautea?
Beti pentsatu izan dut La jungla sonora anomalia bat dela: programa espezializatu bat da irrati estandar batean; euskal musikari garrantzi handia ematen dio, erdarazko irrati batean emititu arren; bakarkako lana da, nahiz eta inguruan lantalde sendo bat izan; eta abar. Beharbada horregatik, oso oinarri zabala izan du, harrera ona lortu du entzule, musikari, beste kazetari eta abarren aldetik, eta denboran iraun du.
Irratsaioaren arrakastak frogatzen al du komertziala ez den musikak baduela lekurik ohiko irratietan?
Ni beti saiatu izan naiz musika kazetaritza egiten, eta pentsatzen dut musikaz nolabaiteko interesa dutenek eskertzen dutela hori: ikuspegi berriak, ezagutzen ez duen musika entzun ahal izatea, musikaren atzean dagoen horren berri izatea eta abar. Batzuek uste dute musikari buruzko irratsaio bat egiten baduzu, animatzaile hutsa izan behar duzula: diskoak jarri, artistaren izena aipatu, eguraldiaz eta trafikoaren egoeraz zerbait esan eta kito. Ni, berriz, beti saiatu izan naiz musikaren atzean zer dagoen jakiten eta kontatzen.
Irratian musika jorratzeko modua aldatu al da?
Uste dut bere horretan jarraitu duela: badaude irratsaio espezializatuak, eta badago irrati formula deitzen den hori; hau da, zerrendak, kanturik ezagunenak, horiei buruzko bozketak eta abar. Bi eredu horiek gaur arte iraun dute, eta aspaldi honetan hirugarren bide bat agertu da podcastei esker.
La jungla sonora gauza berriak probatzeko lekua ere izan da. Adibidez, zuzeneko emanaldi ugari prestatu eta emititu dituzue, Euskal Herriko zein nazioarteko musikariekin.
Garai batean, irrati nobela ere egiten genuen, Roberto Mosok eta biok idatzitako gidoiekin, eta lehiaketak ere arrakasta handia izaten zuen. Irratsaio gutxi ezagutzen dut molde bakar batean hainbeste gauza desberdin eskaini duenik. Ni neu aspertu egiten naiz beti gauza berberak eginez gero, eta gustatzen zait gauza berriak egitea: adibidez, irratsaioak Glasgowko [Eskozia] Celtic Connections jaialditik egitea, edo Viceko [Herrialde Katalanak] musika azokatik, edo Womex jaialditik [Sevilla, Espainia], eta, hara joan diren euskal artisten berri emateaz gain, entzuleei musikari berriak ezagutaraztea.
Orain erretiroa hartu duzu. Badirudi zurekin batera irratia ulertzeko modu bat ordezkatzen zuen belaunaldi oso bat ostentzen ari dela: Roberto Moso, Roge Blasco, Felix Linares...
Behin norbaitek esan zuen gureak «egile irratsaioak» zirela. Hori baino gehiago, nik uste dut kontzeptu baten inguruan harilkatutako programak izan direla: La jungla sonora, Levando anclas eta abarrek kontzeptu argi bat izan dute atzean. Nire kasuan, gustatuko litzaidake programaren markak irautea, eta, ni egon ez arren, norbaitek La jungla sonora egiten jarraitzea, kontzeptu horri eutsiz.