Mikel Astarloza. 'Tandema' podcastaren aurkezlea

«Beti gustatu izan zait komunikazio mundua»

EITB Podkast ataria txirrindularitzari buruzko 'Tandema' podcasta sareratzen ari da azken asteetan. Astarlozak egiten ditu gidari lanak, eta txirrindularitzarekin lotutako zortzi gai jorratuko dituzte.

ORIO PRODUKZIOAK.
urtzi urkizu
Errenteria
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
2002tik 2013ra txirrindulari profesionala izan zen Mikel Astarloza (Pasaia, Gipuzkoa, 1979). Euskadi Irratian esatari aritzen da txirrindularitza probetan, eta hala arituko da Frantziako Tourreko etapetan ere. Txirrindor enpresa sortu zuen Errenterian (Gipuzkoa), eta han erantzun ditu elkarrizketako galderak.

Zer moduz Tandem podcasta aurkezten?

Oso ondo. Beti izan naiz irratsaioak entzun zalea, eta azkeneko urteetan askotariko podcastak entzun izan ditut. Entzuten ditudan podcast gehienak gaztelaniaz eta frantsesez dira. Konturatu nintzen euskaraz oso eduki gutxi zegoela sarean. Horregatik ekin genion txirrindularitzaren inguruko podcast hau egiteari, eta hainbat lagun elkarrizketatu ditut. EITBren dei bat jaso nuen, eta esan zidaten txirrindularitzaren gaineko podcast bat egin nahi zutela. Horretan gabiltza, gustura. Lehen denboraldirako, zortzi atal grabatu ditugu.

Astelehenero sareratzen da atal bat. Hirugarrenean, Haimar Zubeldia Frantziako Tourreko gorabeherez aritu zen. Zuretzat ere polita izango zen, ezta?

Oso polita. Zubeldiak hamasei aldiz parte hartu zuen Tourrean. Egun guztiak batuta, urtebete.

Mikroak ez zaizkizu arrotzak.

Ez. Eta gustuko ditudala esan dezaket. Hiztuna naiz, eta beti gustatu izan zait komunikazio mundua. Euskadi Irratian ere aritzen naiz txirrindularitzaren inguruan: gustura egiten dut.

Tandema podcasta Orio Produkzioak ekoiztetxeak ekoizten du. Gari Udabe kazetaria da zuzendaria. Zer moduzko da laneko hartu-emana harekin?

Oso ongi, luxua izan da. Udabe nire bidaidea izan da podcastean; izan ere, nik txirrindularitzaren arlo teknikoko kontuak azpimarratzen nituen, eta hark komunikazioari buruzkoak. Udaberekin asko ikasi dut. Nik, bestalde, oso gustura egiten dut lan txirrindularitzaren inguruko gaiekin. Txirrindularitzak pizten didan pasioa transmititzen saiatzen naiz.

Podcastean askotariko azpigaiak lantzen ari zarete. Dena ez baita Tourra...

Azken finean, niri aipatu zidatenean zortzi atal genituela lantzeko, pentsatu nuen zortzi gai jorratzea eta zukutzea: Patxi Vilarekin prestakuntza fisikoaz aritu ginen, Aitor Zabaletarekin elikadurari buruz, eta Usoa Ostolaza fisioterapeutarekin atsedenaren garrantziaz. Bestalde, Ainhoa Ostolazarekin emakumeen txirrindularitzaz mintzatu gara. Azkeneko urteetan, emakumeen txirrindularitzak gorakada handia izan du, baina bide luzea du egiteko oihartzun aldetik gizonezkoen txirrindularitzaren parera iristeko.

Hedabideek oihartzun handiagoa ematea mereziko luke emakumeen txirrindularitzak?

Bai, hori da. Aldaketak izan dira, hoberako. Baina bide luzea dago egiteko: hedabideek jauzi bat egitea falta da, emakume txirrindulariei dagokien bezala erreparatzeko.

Frantziako Tourra bihar irtengo da Bilbotik. Nola biziko dituzu Euskal Herriko etapak?

Berezia izango da. Zapore gazi-gozoa du: alde batetik, sekulako ahalegin ekonomikoa egin da Tourra Euskal Herrira ekartzeko, eta pozgarria da hori txirrindularitzaren zale guztiontzat. Baina, beste alde batetik, herri txikietako talde txikiak eta lasterketa txikiak laguntzeko eskatzen dugu, ematen baitu laguntzak soilik handiei ematen zaizkiela. Agintariei mezu bat bidali nahiko nieke horren harira: txikiekin ere gogoratzeko. Zapore gozoari dagokionez, irteerak beti izaten du xarma berezia. Ni Euskadi Irratiko estudioetan egongo naiz, eta, beraz, ezin izango naiz errepide bazterrera joan.

Telebistan ikusi, eta kontatu.

Miramongo irrati estudioan telebistako lau pantaila dauzkagu. Mikroaren bestaldean daudenei kontatu beharko diegu telebistaz ikusiko dugun hori.

Txirrindularitza etapak irratian entzutean zer sentitzen dela esango zenuke?

Irratiak magia berezia du. Ikusten ez den hori hitzez kontatu behar da. Irudirik ez dagoenez, hitzekin asmatu beharra dago, entzulea gu ikusten ari garen horretara eramateko.

Tandema-k beste denboraldirik izango al du?

Espero dezagun baietz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.