Iban Garate. 'Gaur egun'-eko aurkezlea

«Beste kolore bat bilatu behar da euskarazko albistegian»

Lehen denboraldia du ETB1eko iluntzeko 'Gaur egun' aurkezten. ETBko euskarazko eta gaztelaniazko albistegiak ezberdinak egitea proposatu du. «Egingo nuke ahalegina».

urtzi urkizu
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Berriki aita izan da Iban Garate (Azkoitia, Gipuzkoa, 1982). Albistegietako lana «nagusi» duen arren, ekoizle lanekin jarraitzeko asmoa azaldu du. «Aurreko hiru urteetan, hiru dokumental ekoitzi genituen. Ekoizle lana sormenezkoa ere bada, pozgarria niretzat». Albistegietatik iritsi zitzaion proposamenari «bere- hala» eman zion baiezkoa.

Zer moduz joan zaizkizu lehen hilabeteak Gaur Egun albistegiko aurkezle gisa?

Ondo joan zaizkit. Gauzak egiteko moduan aldaketak ekarri dizkit. Magazinetan askeago aritzen nintzen, eta albistegiko lana neurtuagoa da, irakurriagoa. Ohitu behar izan dut lengoaia berri batera. Oso kritikoa naiz neure buruarekin, eta, ziurrenik, gauza asko daude hobetzeko. Baina balantze pertsonala ona da.

Sare sozialetan gutxi batzuek zalantzan jarri zuten zure balioa albistegiko aurkezle izateko. Nola hartu zenuen hura?

Ez nintzen adi egon horrekin, ez dut gogoan. Edonork jar dezake zalantzan nire gaitasuna edozer egiteko. Irudi bat eman dut aurreko urteetan telebistan, entretenimenduari lotua. Aurreko urtean aldatu nuen irudia, Azpimarra-n, eta uste dut argi ikusi zela informazioa lantzeko gai banintzela. Oso bestelakoa da telebistan ematen dugun irudia, eta benetan zer garen. Informazio mundua beti erreparatu izan diot, nire mundua ere izan da.

Ikusleentzat, ez da hain zaila izango zu albisteak ematen ikustera ohitzea, ezta?

Ez nuke zaila izatea nahi. Albistegiak kontatu egin behar dira. Albistegiaren zurruntasun guztiarekin, ahalik eta gertukoena izaten saiatzen naiz. Informazioa modu erraz batean esplikatzen saiatzen naiz, konplexua izan arren.

Albistegietakoa talde lana dela esan ohi da.

Bai, neurri batean. Baina nik neure esparrua daukat. Ez gara mahai batean hogei kazetari eztabaidan jartzen. Lan autonomoa ere badela iruditzen zait.

Hanka sartze txikiei irribarre batekin erantzuten diezu. Naturaltasuna funtsezkoa da, ezta?

Bai, hala da. Esperientziak erakusten dizu oker bat egin, eta oker aurpegia jartzeak ez duela askorik laguntzen. Okerrak barkatzeko daude. Ofizioak erakusten dizu era naturalean erantzuten, eta txantxa egiten aurre egiteko. Gehiago haserretzen naiz daturen bat edo informazio bat gaizki emanez gero.

Albistegietako zein aurkezle dituzu gogokoen?

Xabier Usabiaga asko gustatzen zait, nahiz eta haren estiloa eta nirea ez diren bat etortzen. Aurreko denboraldian Maddalen Iriarterekin asko ikasi nuen, erakutsi zidan albisteek adar asko dituztela, eta adar horien berri izatea komeni izaten dela gauzak ulertzeko. Testuingurua eman nahiko nuke askotan, baina ez da denborarik izaten. Gertuko aurkezleak ditut gogoko. Xabier Garcia Ramsdenek tituluak nola egiten dituen atsegin dut, adibidez.

ETBko euskarazko albistegia ez al da gaztelaniazkoaren senidepobrea?

Esan behar dut baietz. Testuingurua ulertu behar da. Dauden baliabideak daude, eta ahalik eta modu egokienean kudeatzen ditu ETBk, irizpide batzuen arabera. 20:00etan euskarazkoa da, eta 21:00etan gaztelaniazkoa, eta talde berdina dago bietarako. Euskarazkoaren ordutegia eskasagoa da, eta laburragoa ere bada. Konponbidea hau litzateke: izan daitezela albistegi ezberdinak. Agian, euskaraz, 30 minutuko albistegi bat egin behar da, beste era batekoa, eta kirolak luza daitezke, baina entretenimendura jota. Beste kolore bat bilatu behar da euskarazkoan. Aldaketak egiteko mugak egon daitezke, baina egingo nuke ahalegin hori. Aukera eman behar zaio ikusleari euskarazkoa ikusteko, eta gero gaztelaniazkoa, bien artean bat derrigor aukeratu beharrean.

AEBetako albisteak puri-purian daude. Hartuko al zenuke Mikel Reparazen tokia New Yorken?

Bai, baina ez dut uste Reparaz itzultzeko asmoarekin dagoenik. Baina buruan izan dut beti bolada batean atzerrian lan egitea, eta New Yorkera gustura joango nintzateke. Ingelesarekin ez dut bestelako arazorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.