Ikus-entzunezkoak

Antton Telleria: «Jende berriak deskubrituko du 'Nekatutak'»

Aurreneko aldiz, Filmin plataformak euskarazko bakarrizketa emanaldi bat eskainiko du bere katalogoan. Gaurtik izango da ikusgai Telleriaren 'Nekatutak'.

Antton Telleria 'Nekatutak' bakarrizketa saioa eskaintzen, Donostian.
Antton Telleria 'Nekatutak' bakarrizketa saioa egiten, Donostian. A.T.
urtzi urkizu
Donostia
2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

2021eko apiriletik 2023ko martxora Euskal Herriko hainbat areto eta antzokitara eraman zuen Nekatutak ikuskizuna Antton Telleria Lopetegik (Tolosa, Gipuzkoa, 1993). Azken emanaldia grabatu, eta duela hilabete batzuk Youtuben jarri zuen epe baterako. Filminek astearte iluntzean iragarri zuen bere katalogoan jarriko duela gaur, osorik, gaztelaniazko azpidatzien aukerarekin.

Barruan gaude podcastean kontatu zenuen Netflixekoei eskaini behar zeniela Nekatutak. Ezezkoa jaso al zenuen?

Ezezkoa, eta oso azkarra, gainera. Stand up-arekin hastearekin batera konturatu naiz harrikada asko botatzeko aukera ematen didala. Denbora asko pasatu nuen Netflixekoei bidali beharreko gutunean pentsatzen; kontaktua zein zen lortu nuen zineman dabilen jendearen bitartez. Bala bat nuen, eta tiroa ondo inbertitu behar zen. Inoiz gehien prestatu dudan mezu elektronikoa izan da, zalantzarik gabe. Bidali nuen jakinda agian ez zidatela erantzunik emango. Goizean bidali, eta arratsaldean erantzun zidaten ezezkoa emanez. Plataformarentzat stand-up-a ez dela lehentasun estrategikoa esan zidaten, eta gainontzeko hitzetan oso modu atseginean zuzendu zitzaizkidan. Poztu nintzen erantzuna hain bizkor lortu nuelako. Hori ixtearekin itxi nuen bestelako bilaketen alternatiba ere. Youtuben jartzea erabaki nuen orduan.

Baina Filmin ez da Netflix.

Hain zuzen ere. Kuantitatiboki Netflix interesgarriagoa da, baina kualitatiboki Filmin interesgarriagoa da. Filminen autore kutsua ikusten dut, espezializatuagoa da. Sekulako poza izan da Filminena.

Youtuben jarri zenuen lehenago, ordea.

Irekian eskaintzeak zalantzak sortu zizkidan, ordaindu beharrak balio bat ematen baitio edukiari. Jendea debaldeko gauzetan ohitzea ere... ez da negozio oso ona.

Eta gaztelaniazko azpitituluak nork egin ditu?

Aitor Blanco itzultzaile iruindarrak. Sekulako lana egin du. Mihiluze-n lehiakidea izan zen, eta zakua eraman zuten. Youtuben gaztelaniazko azpidatziak jarri nituenean, Magi Garcia umorista katalanari bidali nion. Garciak bere bakarrizketa katalanez grabatua zuen, eta antzekotasunak bazirela ikusi nuen. Grabaketen aurretik harremanetan nintzen harekin. Berak webgunean zuen jarria, baina ikusteko ordaindu egin behar da. Asko animatu ninduen.

Zer esan zizun Garciak Nekatutak ikusi eta gero?

Jakin-mina banuen, txiste batzuk itzultzea oso zaila delako. Garciari bidali eta astebetera, honakoa esan zidan: «Ze kabroia! Zenbat barre egin dudan!». Gustatu egin zitzaion, beraz. Are gehiago, esan zidan Filminen lan egiten duen lagun bat duela, eta bidali egin ziola hari.

Euskaraz ez dakien ikusleak ulertuko du zure umorea?

Magi Garciak ulertu zuen, Filmineko Joan Lopezi ere gustatu zitzaion, eta Aitor Blanco itzultzailearen aitari ere bai. Oraingoz, hiru dira.

Zer espero duzu Euskal Herritik kanpo izan dezakeen harreraz?

Ez daukat espektatibarik. Filminekoa sekulako lorpena da. Nekatutak nondik abiatu den eta nora iritsi den ikustea oso pozgarria da niretzat. Filminen leihoak aukera emango du jende berriak deskubritu dezan. Bestela inola ere iritsiko ez litzatekeen jendea iritsiko da Nekatutak ikustera. Filmineko harpidedun bat komedia zalea bada eta Filmin Comedy bilduman sartzen bada, agian jarriko du. Bilduma horretan sekulako maila dago, gainera. Neure burua hor ikustea ohore handia da.

Nekatutak-Grabatutak.
Baina beti egongo da baten bat esango duena: «Bai, baina hobe da antzoki batean ikustea!».

Bai, eta stand-upero baten helburua hori da: zuzenekoak egitea. Baina Youtuben jarri nuenean, jende askok idatzi zidan.

Primeran plataforman Altxa komedia bakarrizketa saioa jarri dute. Bada hor bide bat.

Estreinatu duten sortak asko harritu nau, onerako. Irudi aldetik ere oso ondo dago. Apustu sendoa dagoela ikusten da. Loraldi bat pizten ari da euskal komediagintzan.

Gazteak ere badu zerbait egiteko asmoa?

Bai, Youtuberako. Horrek ikuspegi stand-uperoa izango du. Umorista bakoitzak emanaldi bat baino gehiago egiteko aukera izango du. Altxa komedia, adibidez,El club de la comedia-rekin alderatu daiteke. Gazteakoa zerbait gertukoagoa izango da, formatu txikiagoan, eta jarraipen handiagoa egingo zaio umoristari.

ETBn ez dago umorezko saiorik emankizun konbentzionalean. Mihiluze umore onez aurkeztu ohi duzu. Pozik saioarekin?

Oso pozik. Komiko batentzat oso leku ona da Mihiluze. Ilaski Serranoren alboan egotea, goxo-goxo... Hark gidaritza lanak zoragarri egiten ditu, eta rol banaketan berehala aurkitu nuen nire lekua modu naturalean. Lana mundiala da. Erne egon behar da, inprobisatu, jolastu... Lana da, baina oso-oso gustukoa.

Zure anaiak Urtezahar gaueko kanpaiak eman ditu ETBn. Zuk emango al zenituzke?

[Barrez] Agian Katalunian, Filminen. Magi Garciak eta biok katalanez egitea sekulakoa litzateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.