Zuhaitz Gurrutxaga. Umorista

«Beste gauza batzuk probatu nahi ditut»

Igandean, Gurrutxagaren agurra izango da ETB1eko 'Herri txiki, Amerika handi' saioan. Zortzi denboraldiren ondoren, beste aurkezle bat arituko da 'Herri txiki, infernu handi'-n.

ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
2015eko urtarrilean hasi zen Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) Herri txiki, infernu handi saioa aurkezten, Mikel Pagadirekin batera. Datorren astetik aurrera, aurkezle berri batekin arituko da Pagadi. Gurrutxaga antzerki lanekin dabil orain.

Zer sentimendu dituzu Herri txiki, infernu handi-ko zure etapa amaitu delako?

Kontua da erabakia duela hilabete batzuk hartutakoa dela, eta komunikatua ere bai. Beraz, hilabete batzuk izan ditut digeritzeko. Igande honetan azken agurra ikusten dudanean, pena emango didala pentsatzen dut —Los Angelesko toki zoragarri batean eszenifikatu genuen agurra Pagadik eta biok—.

Zer balantze egiten duzu zortzi urte hauetaz?

Zaila da Herri txiki, infernu handi baino eskola hoberik aurkitzea. Aurkezle moduan eskatzen dizkizun lanketak ugariak eta askotarikoak dira. Elkarrizketa komikoak egin behar dira. Horrez gain, txantxak guk idatzi behar ditugu, eta, gero, horiek oholtza gainean umorista gisa defendatu. Sekulako eskola izan da saioa. 215 atal egin izanak, bestalde, erakusten du jendeak maitatu duela programa. Ikusleek eusten diete saioei.

Nolako harremana izan duzue Pagadik eta zuk?

Orokorrean, ona. Zortzi denboralditan tentsioak ere izan dira, baina inoiz ez larriak. Zaila izango da bizitzan norbait aurkitzea Pagadirekin bezainbat barre egin dudana.

Sebastian Lizasok erakutsi al dizu bertsotan?

Ez. Beti esan izan diot elkarrekin egin behar genuela bertsotan, baina pena horrekin gelditu naiz. Bertsozalea naiz; gustuko dut kantatzea. Baina har hori daramat.

Azken atalak AEBetakoak izan dira. Nolako bidaia izan zen?

Sekulako oparia. Ameriketako aukera sortu aurretik esan nuen uztera nindoala. Opari bat izan da, beste aurkezle batekin egin zezaketelako. Esperientzia ederra izan da AEBetakoa.

Ikusleen galdera hau da: zein da saioa uzteko arrazoia?

Ez dago arrazoi pertsonalik. Ziklo baten amaiera iritsi dela iruditu zait, eta beste gauza batzuk probatu nahi ditut. Hori da arrazoi bakarra. Agortuta sentitu naiz saioan, 215 atalen ostean.
ETB


Zer ematen du eta zer kentzen du telebistak?

Telebistak, ez dakit. Herri txiki saioa berezia da. Futbolari izateagatik, Gipuzkoan ezaguna nintzen. Baina programarengatik adineko jendeak erakutsi didan maitasuna oso benetakoa sentitu dut. 80 urte baino gehiagoko jendea ez dago gezurretan aritzeko. Kalean amonek eta aitonek askotan gelditu izan naute, eta egiazko maitasuna erakutsi didate.

Haur askok ere ikusten omen dute saioa.

Nik beti pentsatu izan dut gure ikusle potentzialak helduak izan direla. Pozgarria da haurrek ere saioa ikustea, baina adinekoak dira gure ikusle gehienak. Amonekin magia sortu izan da atal askoren grabaketetan. Amonei eskainitako telebista saio bat egingo nuke, agian.

Saioko zer pasadizo eramango zenuke umorezko bakarrizketa batera?

Nire bikotekidea Herri txiki, infernu handi-n ezagutu nuen, elkarrizketa bat egitean. Inoizko elkarrizketarik txarrena egin nion, oso urduri jarri nintzelako.

Zer herritan izan zen?

Ezustekorako utziko dut. Nahieran bilatu dezatela nire elkarrizketarik txarrena.

Gertatu al zaizu antzerkia egitera herri batera joan eta saioan elkarrizketatu dituzunak topatzea?

Bai, Euskal Herria mugatua baita. Denen aurpegiez gogoratzea ez da erraza, baina elkartzea polita izaten da beti.

Nola bizi izan duzu astero jendearekin lan egitea?

Karga sortu izan dit komedia egiteak. Muga oso fina da, non norbaitekin barre egiten aritu zaitezkeen eta non norbaitek sentitu dezakeen hartaz ari zarela barre egiten. Asko sufritzen dut horrekin. Nire asmoa ez da sekula izan norbaiten gainean barre egitea.

Zu gabe ere, Herri txiki-k jarraitu egingo du.

Formatua Danimarkakoa da, gero Katalunian arrakasta izan zuen, eta hemen egokitu egin genuen. Herrira itzultzeak funtzionatzen du. Eta aurkezlea aldatuta ere, funtzionatuko du ETB1en.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.