Ilustratzailea

Iñaki Aliste: «Beste erakusketa baterako adina material badut»

Crossover telesailen jaialdia amaitu bada ere, Donostiako Santa Teresa komentuan maiatzaren 5era arte ikus daiteke Alisteren 'Behind the screens' erakusketa. Telesail ezagunen etxeen planoak ageri dira.

Iñaki Aliste ilustratzailea. JON URBE / FOKU
Iñaki Aliste ilustratzailea. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun

Barne diseinatzailea izan zen hainbat urtez Iñaki Aliste (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970). Ilustratzaile ari da orain, eta lan horrekin gozatzen ari da. Nazioarteko hedabide batzuek ere argitaratu dituzte haren lanak.

Nola sortu zitzaizun Behind the screens liburua egiteko ideia?

AEBetako argitaletxe baten enkargua izan da. Sare sozialetan jarraitzen zidaten, eta liburua egiteko eskatu zidaten. Telesailen etxeetako planoekin nahi zuten lan bat argitaratu, eta horregatik jo zuten nigana.

Garai bateko sitcom generoko telesailetan etxeak eta eszenatokiak definituagoak zeuden, ezta?

Bai, sitcom-etan antzerkiko dekoratuak izaten dira sarri. Batzuk publiko aurrean grabatzen ziren, eta antzerkiaren antza zuten.

Baina badituzte berezitasunak.

Noski. Zeren erdiguneko dekoratua dago, eta logelak beste estudio batzuetan grabatzen dituzte askotan. Horregatik, puzzle bat egin behar da guztiarekin. Etxe osoa set batean denean, errazagoa da.

Friends telesailean, adibidez?

Eszenatoki nagusia dago: egongela eta sukaldea ageri dira. Eta ateak ikusten dira, baina ate horien atzean ez dago ezer. Ateen atzean dauden logelak beste estudio batean grabatzen dira. Kontua da ni benetako etxe bat balitz bezala saiatzen naizela planoa marrazten.

Irudimena ere erabili behar duzu horretarako.

Bai, zeren batzuetan %100 zehatza egin dezakezu, baina beste batzuetan bete egin behar da. Jolastu egin behar izaten dut tarteka.

Garai bateko telesail ezagunak aukeratu dituzte erakusketan. Telesail zaharragoak maiteago dituzu?

Esango nuke telesail haiek txikitan ikusi genituela, eta haiek ikustera ohitu ginela. Gaur egun, ez nau asetzen boladan dagoen telesaila ikusi beharrak.

Ez zara azken-azken telesailaren bila ibiltzen, orduan.

Ez. Gainera, telesail gehiegi daude. Telesailak laburrak badira, niretzat hobe. Cristobal Balenciaga, adibidez, gustura ikusi dut.

Filmetako etxeen planoak ere marrazten dituzu?

Bai. Edonola ere, aukera egon daiteke telesail gehiagoren planoekin beste liburu bat egiteko. Ondo legoke filmen planoak ere sartzea liburu berrian. Nik zinemarekin gehiago gozatzen dut telesailekin baino.

Santa Teresa komentuko lehen solairuan, animaziozko bi telesailen planoak ere jarri dituzu: Harriketarrak eta The Simpsons.

Harriketarrak haurtzaroan ikusten nuen, eta xarma berezia du. Planoa egitea ez da erraza, etxeak aldatu egiten baitira. The Simpsons telesaileko familiaren etxea, berriz, xelebrea da: logelak tokiz aldatzen dituzte. Ate batzuen atzean denetarik topa dezakezu: egun batean armairu bat dago, beherantz doazen eskailera batzuk, edo Margeren ahizpak erretzera sartzen dira. Egileek nahita egiten dute hori.

Goenkale telesailaren atal berriak grabatzea aztertzen ari dira. Horretan, zer dekoratu berreskuratuko zenuke?

Boga taberna berreskuratu beharko litzateke; folletoietan, tabernak mantendu egiten dira beti. Akaso, Biga berri bat asmatu beharko da.

Lehen aipatu duzu telesail batzuetan asko edaten zutela antzerkitik.

Bai. Begira, adibidez, I love Lucy 1950eko hamarkadako telesail amerikarraren planoa egin dut. Lehen telesailetako bat izan zen, eta antzerkiaren ezaugarriak hartzen zituzten. Etxea kutxa baten modukoa zen.

Etxe txikia zen Little House on the Prairie telesailekoa ere, erakusketan ikusten denez.

Bai, oso txikia zen. Telesailak sekulako arrakasta izan zuen.

Magnum-en planoa ageri da erakusketan. Euskaraz ere ikusi ahal izan zen 1980ko hamarkadan.

ETBk garai hartan atzerriko telesailen eskaintza zabala egiten zuen. Planoez gain, telesailen detaileak ere marraztu ditut. Adibidez, Magnum-en autoa, erlojua... Ondo egongo litzateke beste erakusketa bat egitea, telesail asko kanpoan gelditu baitira. Beste erakusketa baterako adina material badut. 60-70 telesailen ehun plano eginak dauzkat; liburuan 35 telesail daude, hirurogei plano, eta berrehun ilustrazio. Akaso, Donostiako Zinemaldirako filmen planoekin egin dezakegu erakusketa bat.

Iñaki Alisteren Instagrameko kontua: https://www.instagram.com/ializar/

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.