Bestaldekoak? Han, bertan

DK irratiaren jendaurreko saio berezian ondorioztatu dute «bestalde» ugari daudela eta Ramon Saizarbitoriaren 'Egunero hasten delako' eleberria gaur-gaurkoa dela.

Beñat Sarasola, Iratxe Retolaza, Lourdes Oñederra eta Itxaro Borda, herenegun; atzean, Ion Olano. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun

Irratian, esatarientzat, bestaldean daudenak entzuleak izan daitezke, idazleentzat irakurleak bezala. Ion Olano Carlos Donostia Kultura irratiko esatariak aurrez aurre izan zituen entzuleak astelehen iluntzean, Donostiako Viktoria Eugenia klubean egindako Bestalde saio berezian.

 

Esatariaren definizioen arabera, A aldean Egunero hasten delako eleberriaren inguruko solasaldi bat egiten ari dira —Literaktum jaialdiko ekitaldi bat, eta eleberriaren 50. urteurreneko programazioaren barnekoa ere bai—. Ramon Saizarbitoriaren liburuaz hizketan Iratxe Retolaza literatur kritikari eta irakaslea, Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta idazlea eta Itxaro Borda «postari ohia» eta idazlea jarri dituzte, Beñat Sarasola idazle eta irakaslea gidari dela. B aldean, bestalde, Harkaitz Cano idazlea eta Maite Larburu musikaria, Olanorekin dabiltza «bestaldeak» mikro aurrean azaleratzen.

Entzuleak, adi, irratsaioa ikusten. Haietako batek hitza hartu du: Mikel Hernandez Abaitua idazle eta Euskal Filologian doktoreak —Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintzaz egin zuen doktore tesia—. Izan ere, solaskideek Egunero hasten delako-ren modernitatea aipatu dute maiz, eta Hernandez Abaituak gogorarazi du idazlearen aitaren herriko emakume batek bere buruaz beste egin zuela haurdun gelditu zelako. «Gaztetan hunkitu zuen gai bat zen». Hala ere, abortuaren gaiari heltzeko hartu zuen bidea garai hartarako «aurrerakoia» izan zela nabarmendu du Retolazak, entzuleari erantzunez. Eskuetan oharrak ditu Retolazak. Saizarbitoriaren liburua dute Oñederrak eta Bordak. «Gaur egun argitaratuko balitz, eleberria egitura aldetik berritzailea litzateke», azaldu du Retolazak. Oñederrak adierazi du asko ikasten duela Retolazak esaten dituenekin. Umore onez amaitu dute.

Olerki bat letonieraz

Eleberriaren inguruko solasaldia bukatu denean, sofak kendu dituzte paretik. Irrati esatariaren mahaira gerturatu dira Larburu eta Cano. Larburu bere bizipenetik ari da: «Nik beti uste nuen bestaldea atzerria zela, baina hamabost urtez Herbehereetan bizitzen egon nintzen, eta bestaldera etorri naiz orain. Bestaldea ez da existitzen: bestaldea ni naiz». Olanok iradoki du matrioxka bat egon ohi dela: «Bestalde ugari, batzuk besteen barnean». Eta Canok gogoratu du matrioxkaren bukaeran beti dagoela amona bat «zatikatu ezin dena».

Bestaldearen bestaldeak izenburuko solasaldia olerkiekin, kantekin eta pasadizo bereziekin tartekatzen ari dira musikaria, idazlea eta esataria. Cano Asian egindako bidaia batetik iritsi berria da, eta bestaldea «Asiako tigrearen eztarria» dela iruditzen zaio orain bertan. Bat-batean, entzule-ikusleak zur eta lur gelditu dira. Bozgorailutik hizkuntza arrotz batean errezitatutako olerki bat entzuten da. Inga Gaile Rigako idazlearen olerki bat da, letonieraz. Canok euskarara itzulita ea errezitatuko duen galdetu dio publikoari. Baiezkoak entzun dira soilik. Gure buruari sekula egiten ez dizkiogun 30 galdera. Azken galdera: «Zertan ari gara elkarrekin hemen?». Azken galderak entzuten diren bitartean, Larburu biolina jotzen hasi da. Eta kantuan: «Ura sartu patrikan / haizea harrapatu, zertarako?».

Kulturzaleen irratsaio mutantea da Bestalde magazina —Altza auzoan egiten du Olanok, urritik, Casares irratia DK irratia bilakatu zenetik—. Esatariak gogoratu du Literaktum jaialdiko podcast guztiak irratiko webgunean daudela entzungai.

Irratsaioa amaitzen ari dela ematen du. Larburuk Bestaldea abestia jo du —hori ez dago Hezurren azpian diskoan, baina lehenago kantatu du diskoan dagoen Hori—.

Esatariaren esker hitzek bukaera iradoki dute. Baina aretoko entzule-ikusleak «Beste bat, beste bat!» eskatzen jarri dira. Izan da beste bat: Canoren, Larbururen eta Olanoren artean, Homeroren Troiako zaldiaren istorioaren irakurketa dramatizatu bat egin dute, irrati nobela gisa. Eta klimaxa iritsi da: Larburuk Itoizen As noites da Radio Lisboa kantaren bertsio indartsu bat interpretatu du. «Ni naiz Ulises / planeten hautsak haizeak...». Entzule-ikusleen arteko begiradak argi utzi dute klimax boteretsua eskaini diela musikariak. Ez da Radio Lisboan izan, DK Irratian baizik. Bestalde kulturazaleak egunero uhineratzen dituen irrati berrian.

Saioa entzuteko:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.