Komunikazioa

Bertsolari Txapelketaren «gerorako analisia», Hamaikako 'Oholtzapea'-n

Aditu batekin bildu eta bertsolariak elkarrizketatzen ditu asteazkenero Beñat Zamalloak

Asteburuko saioen analisia egin, eta Aitor Sarriegi elkarrizketatuko du gaur Beñat Zamalloak. HAMAIKA.
Adrian Garcia.
2013ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Momentuko analisia egin beharrean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioek emandakoaren «gerorako analisia» egiten du Beñat Zamalloak Hamaika telebistan, patxadaz eta distantziaz. Finalaurrekoekin hasi zuten Oholtzapea saioa, iragan astean, eta abenduaren 15eko finalarekin amaituko dute. Guztira, bost saio. Bihar emango dute bigarrena, 18:30ean. Hamaikaren webgunean ere ikus daitezke saioak.

Izenak berak ematen du saioaren ezaugarriei buruzko arrastoa. «Oholtzapea tentsioak askatzen diren leku hori da, bertsolariek beren balorazioak egiten duten lekua. Oholtzakoa aztertzen dugu, baina oholtzapetik», azaldu du saioaren aurkezle Zamalloak.

Saioak bi atal nagusi ditu. Lehenengoan, asteburuko saioak aztertzen dituzte, aditu baten bitartez. Ordu erdi inguru irauten du analisiak, eta lau bertsoaldi eta bertsolarien adierazpenak biltzen dituzte tarte horretan. Hainbat aditu igaroko dira Hamaika telebistako platotik, txandaka: aurreko astean, Josu Goikoetxea izan zen; gaur, berriz, Gorka Azkaratek azalduko du zer eman duten Murgian (Araba) eta Oiartzunen (Gipuzkoa) jokaturiko finalaurrekoek. Biek bertso saioen analisiak egiten dituzte BERRIAn. Hurrengo asteazkenean, Kristina Mardarasen txanda izango da. «Gonbidatuek analisirako benetako gaitasuna dute, eta bertsogintza oso sakon ezagutzen dute».

Bigarren zatian, asteburuan nabarmendutako bertsolari bat elkarrizketatuko du Zamalloak, hogei bat minutuz. «Aurreko astean, Igor Elorza elkarrizketatu genuen, eta gaur, Aitor Sarriegi gonbidatuko dugu». Oiartzungo finalaurrekoa irabazi zuen Sarriegik, 688 puntu eskuratuta. «Saioaren osteko adierazpenak jaso beharrean, elkarrizketa sakon bat egin nahi izan dugu». Ez dute txapelketari buruz bakarrik hitz egingo: gonbidatuaren ibilbideari begiratu bat eman, eta txapelketatik kanpo egindakoari buruz ere galdetuko die Zamalloak.

BECeko finalaren aurretik saio berezi bat egitea du buruan Zamalloak. Finalean gertatutakoa aztertzeko, ohiko egiturari jarraituko dio saioak, eta garailea elkarrizketatuko dute.

Bertsolaritza eta kazetaritza

Txapelketako saioetan gertatutakoaren kronika hutsetik harago joan nahi du saioak. «Lau bertsoaldi emango ditugu, saioa girotzeko. Asteburuan, bakoitzak hamabost bat botatzen ditu».Ez da txapelketari jarraitzeko saio bat, beraz, hura aztertzekoa baizik. «Bertsoak entzun nahi dituenak entzunak ditu asteazkenerako. Gaurkotasuna galtzen dute bere horretan eskain- tzeko».

Euskarri eta modu askotan jorratzen du Zamalloak bertsolaritza, kazetaritzaren ikuspuntutik; telebistan, paperean eta irratian.BERRIAn txapelketaren kronikak egin eta mahai inguruak gidatu ez ezik, Radio Vitorian Errota saioa aurkeztu, eta Radio Euskadi eta Bizkaia Irratian parte hartzen du. «Banuen gogoa kazetaritza modu horretan egiteko, eta bertsolaritzak horretarako aukera eman dit. Bertsozaletasunaz ere bai, noski, baina gehiago hartu dut txapelketa hau kazetaritza zaletasunaz».

Txapelketaren zurrunbiloak ez du horrenbeste «kateatzen». Gehiago interesatzen zaio kazetaritzaren ikuspuntutik zer lan dezakeen bilatzea. Hedabide bakoitzerako ikuspuntu bat jorratzen du Zamalloak: «Igor Elorza bitan elkarrizketatu nuen, eta oso desberdinak izan ziren papereko bertsioa eta telebistakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.