Hitzetik hortzera saioan gidoilari lanetan aritu ostean, saioaren kameren aurrean jarri da Mirari Martiarena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986). Hark egingo ditu aurkezle lanak. Hil honetan estreinatu da saioaren denboraldi berria, eta orain artekoarekin «pozik» dago. Larunbat gauetan emango da saioa, baina, Donostiako Zinemaldia tarteko, aste honetako programa gaur izango da: 15:00etan, ETB1en. Jexux Mari Irazu bertsolaria izango da gonbidatua.
Nondik datorkizu bertsozaletasuna?
Txikitatik izan naiz bertsozalea, umetatik esango nuke. Gure etxean beti ikusi izan da Hitzetik hortzera, eta bertso saioetara joateko ohitura ere bagenuen. Gero, 15-16 urterekin, izena eman nuen Oiartzungo bertso eskolan. Urte batzuk eman nituen bertsotan. Pentsa, 2007an Gipuzkoako Txapelketan parte hartu nuen.
Hitzetik hortzera ikusteko bertsozalea izan beharra dago?
Baietz esango nuke. Bertsoak gustatzen ez bazaizkizu ez duzu halako saiorik ikusiko. Egia da garai batean, beste aukerarik ez zegoenean, ohitura zela igandeetan telebista piztuta edukitzea. Orduan, bertsozale ez zenak ere ikusten zuen Hitzetik hortzera. Baina, gaur egun, telebista eta ikus entzunezko beste plataformetan dauden aukera guztiak ikusita, esango nuke saioa ikusten duenak bertsoa gustuko duelako ikusten duela.
Nola hartu zenuen aurkezle izateko eskaintza?
Gustura. Maiatz aldean egin zidaten lehen proposamena, baina irailetik aurreragoko hori oso urrun ikusten nuen. Konturatu orduko, iraila iritsi eta pasatu da. Uda aurretik proba batzuk egin genituen, lana aurreratu genuen. Baina isilpeko lana zen, guk bakarrik ikusten genuen. Orain lan hori ikusarazteko momentua da. Ongi pasatzen dut. Egia da ni gidoilaria ere banaizela, baina gidoietako asko lantaldean partekatuak dira. Ez da nire lana bakarrik.
Umoreak badu tokirik halako saioetan?
Bai, baietz uste dut. Egia da egiten den umorea oso zuria dela, eta oso motza. Ez du sakontzeko astirik ematen, baina egin daiteke. Hala ere, Hitzetik hortzera bertsoari buruzko saioa da, eta bertsoa da protagonista.
Aurkezle ugari izan ditu Hitzetik hortzera-k. Zer emango dio saioari Mirari Martiarenak?
Mirari Martiarena emango dio. Ezagutzen nautenek badakite ni kamera aurrean azaltzen naizen bezalakoa naizela. Nire zati bat, nire esateko modua, eta bertsoarekiko daukadan ikuspuntua emango diot, neurri batean bada ere.
Bide luzeko saioa da Hitzetik hortzera. Hori presioa da aurkezle berri batentzat?
Bai, 34 denboraldi daramatza, eta presioa bada. Era berean, ni lasai sentitzen naiz, bertso mundua etxea bezalakoa da niretzat. Bertsozale Elkarteak ekoizten duen saioa da, eta aspalditik daukat elkartearekin harremana. Presioa gehiago da nik neure buruari jarri diodana, nire ingurukoek jarri didatena baino.
Zer berrikuntza ikusiko ditu ikusleak?
Irudi aldetik buelta bat eman diogu, txapelketa nagusia pasatuta ziklo berri bat hasi dugula pentsatzen dugulako. Unai Gaztelumendik egin ditu irudiak. Umore ukitu hori sartu dugu, bertso musikatuak ere grabatu ditugu, bertso jarriak. Saioa aurrera joan ahala, bestelako berrikuntza batzuk ere sartuko ditugu.
Gainean dira jada Bizkaiko eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Nola landuko dituzue?
Txapelketek jarraipena izango dute asteroko ohiko saioetan. Horrez gain, Bizkaiko zein Nafarroako finalak zuzenean emango ditugu telebistan. Izango dira txapelketei lotutako saio bereziak.
Gonbidatu bat izango du saio bakoitzak. Zer motatakoak dira gonbidatu horiek?
Bertsoarekin lotura izaten dute gonbidatu guztiek; bertsoaren ekosistemaren barruan sartzen diren pertsona guztiak dira elkarrizketagarri Hitzetik hortzera-n. Bertsolari, gai-jartzaile, epaile, bertsozale, ikerketan ari direnak.... bertsoaren ekosisteman dagoen edonork du tokia saioan.
Mirari Martiarena. 'Hitzetik hortzera'-ko aurkezle berria
«Bertso mundua etxea bezalakoa da niretzat»
Hil honetan abiatu da 'Hitzetik hortzera'-ren denboraldi berria. Zenbait berrikuntzarekin itzuli da saioa; horietako bat, aurkezlea: Mirari Martiarenak hartu du Eider Perezen tokia saioaren gidaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu