Bertso eskolen lan tresna

Bertso eskolen lan dinamikarako baliagarria den webgunea ondu du Bertsozale Elkarteak: Bertsoeskola.eus. Material ugari bildu dute, eta bertso eskolei saretzeko bidea ere eman nahi die.

Bertsoeskola.eus atariko Doinutegia atala. BERTSOESKOLA.EUS.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Argi du Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko transmisio eragileak: «Bertso eskolak oso garrantzitsuak dira bertsolaritzaren osasunerako». Horri tiraka eta «behar» bati erantzunez, Bertsoeskola.eus webgunea sortu du Bertsozale Elkarteak. Eizagirre ibili da koordinazio lanetan, eta azaldu du beharrezkotzat jo zutela zituzten baliabideak «indartu» eta «eskura jartzea».

Bertso eskolei zuzendutako ataria da plataforma; horien saretzean eragin nahi du, eta bi funtzio nagusi betetzen ditu: alde batetik, bertso eskoletan asteroko talde dinamikan baliatzeko interesgarriak edo baliagarriak izan daitezkeen materialak jartzen ditu eskura. Bestetik, berriz, bertso eskolek antolatzen dituzten egitasmoei oihartzuna ematea da asmoa, edota asteroko jardunean haientzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak eta albisteak ikusgai jartzea.

Azken urteotan materialgintzan «lanketa» handia egiten ari direla azpimarratu du Eizagirrek, eta horren garrantzia nabarmendu du: «Ezinbestekoa da materialgintzan lanean aritzea. Bertso eskoletan irakasleek egiten duten lanari oinarri, helduleku edo makulu bat jartzea da asmoa. Materiala eskaintzen diegu, eta asko laguntzen du horrek».

Bertso eskoletako oinarrizko jarduna bat-batekoa izan ohi da, eta, nagusiki, hor erabiltzen diren elementuak biltzen ditu atariak. Lau atal nagusitan banatzen da webgunea: Gaitegia, Doinutegia, Errimategia eta Hasiberriak.

Gaitegian, plazan jarri diren 725 gaietatik tira ahal dute bertso eskoletako kideek. Hala, bat-bateko saio bat gidatzeko bertso eskoletarako egokienak izan daitezkeenak hautatu eta bildu dituzte: «Gai egokia jartzea, esanguratsua eta ondo formulatua, ez da erraza. Zaku zabala dago Gaitegian, eta hortik tira dezakete irakasleek. Kantatu eta gero, gainera, kontrastatu ahal dute bertsolariek nola heldu zioten saio hartan gai horri».

Gaiak multzokatzea ere erabaki dute. Horrela, ofizio motaren arabera banatzeaz gain, lau multzo nagusitan sailkatu dituzte: Plaza, Sariketak, Betaurreko Morez eta Perlak. Betaurreko Morez atala sortzeak duen garrantzia azpimarratu du Eizagirrek: «Genero perspektiba oso kontuan edukitzea eskatzen duten gaiak daude bertan, nahiz eta genero perspektiba tematika guztietan eduki beharko genukeen presente. Gai guztiak dira feminismotik heltzeko modukoak, baina oso gai markatuak edo bereziki irristakorrak izan daitezkeenak jarri ditugu hor».

Doinutegiari dagokionez, berriz, plazan egun erabiltzen diren 425 doinu batzen dira. «Arriskua dago betiko hamar doinuetan bueltaka ibiltzeko, eta ondo egoten da doinu klaseetan, neurrietan eta erregistrotan zabaltzea», azaldu du Eizagirrek.

Bestalde, EHUko Ixa taldeak egokitutako Errimategia dago, eta, nahi den hitza bilatuta, haren amaierarekin bat datozen berben zerrenda erakusten du. Azkenik, Hasiberriak atalean, bertsotan bat-batean lehenengo urratsak egiten ari direnentzat teknikak lantzeko fitxak daude. Batez ere haurrentzat direla argitu du Eizagirrek, baina denborarekin helduentzat ere sortzeko asmoa dutela azaldu du.

Memoria bizi

Dokumentatutako ondare zabala dago bertsolaritzan, eta «harribitxiak» jasotzeko espazioa ere badu atariak: « Guretzat gogoangarriak izan daitezkeen bertsoaldiak ekarriko ditugu, transmisio horri begira. Lehengo edo gaurko bertso ale aukeratuak izango dira, bertso eskoletan dabiltzan haur, gazte zein helduek gozatzeko eta hortik ikasteko». Horretarako, Ganbara eta Bertso Jarriak atalak sortu dituzte.

Bertso eskolen lan tresna ez ezik, horien topaleku ere izan nahi du webguneak. Hala, bertso eskola bakoitzak bere egitekoaren berri eman, eta gainerakoena ezagutzeko aukera izango du: «Guretzat oso garrantzitsua da funtzio hori ere izatea. Bertso eskola bakoitzak bere berri eman ahal izango du, eta, edozein egitasmo antolatzen duelarik, horri zabalkundea eman ahalko dio».

Iaz, ikastetxeei begira, Bertsoikasgela.eus webgunea sortu zuten, eta bestelako edukiak lantzeko aukera ematen die atari berriak: «Bertso eskolek beste webgune baten beharra zeukaleta ohartu ginen. Bertso eskoletako gazte eta helduei zuzenduta dago atari hau, eta leku gehiago du umoreak. Hitzen tonua ere ezberdina da, eta inkorrekzioek leku handiagoa dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.