Hamar urteren ondoren, Topatu komunikabideak etapa bat ixtea erabaki du. Igandean esango du adio, baina iragarri du urrats berriak egiteko asmoa duela, «gazteen proiektu komunikatiboa berriro ere lehertzeko». Alegia, nahiz eta Topatu markak ez duen jarraituko, bertan lanean aritu direnak egitasmo berri bat sortzeko beharrean ari dira. «Hausnarketetan murgilduta izan gara azkeneko hilabeteetan, eta erabaki zail baina garrantzitsu hau hartzea erabaki dugu, gazteen proiektu komunikatiboa 2020ra ekarri eta horren birformulazioaren mesedetan», azaldu dute Topatu-ko kideek. «Nostalgiarik gabe, beste zerbaiti utziko dio bide Topatu-k».
Irakurleei, hartzaileei, bazkideei, gazte «zirikatzaileei» eta «ez hain gazte ez hain zirikatzaileei» eskerrak eman dizkie hedabideak, hamar urte hauengatik. Horiei guztiei «opari» bat uztea pentsatu dute: Topatu.eus eta Topatu.info webguneak ikusgarri egongo dira igandetik aurrera, «oroitzapen onetan zein ez hain onetan murgildu nahi duen edonorentzat».
Ez dute iragarri hedabide berriak noiz ikusiko duen argia, baina bi ardatz nagusi izango dituela nabarmendu dute Topatu-ko kideek: «2020ko proiektu bat izango da, komunikazio molde, tresna eta ikuskera izango dituena, eta jakingo duena erritmo horietara egokitzen. Bestetik, gazte mugimenduen ahotsaren proiektu soila izateari utziko dio, eta gazte ikuskera eta gazte perspektiba erdigunean izango dira proiektu berrian».
Topatu-ko kideek uste dute bidean abiapuntura itzuli behar izaten dela sarri, «berriro ere bideari ekiteko». Hala egingo du gazteen komunikazio proiektuak ere: «Bildu, bilakatu eta berriz lehertu. Big bang-ean bezala, gure indar eta ilusio guztiak puntu batean biltzera goaz, materia metatzera. Eta emango du hutsik dagoela espazioa, baina momentu batean eztanda berriak berreraikiko du unibertsoa, eta birsortuko da gazte mundua». Beraz, adio esango du Topatu-k igandean, «leherketa berrien mesedetan».
Mahai inguru bat etzi
Egiten ari den gogoetan,Topatu-k zenbait galdera jarri ditu mahai gainean: Zein dira gazteen proiektu komunikatiboaren erronkak gaur egun? 2020an nolakoa izan behar du proiektu horrek? Nola ulertzen dugu komunikazioa gaur egun?
Galdera horiei erantzuten saiatzeko asmoz, mahai inguru bat antolatu dute ostegunerako, Gasteizen —Hala Bedi ondoko lokalean (Bueno Monreal, 16) egingo dute, 18:00etatik aurrera—. Solaskideak Maider Galardi Berria FM podcasteko esataria, Ion Telleria Naiz irratiko kazetaria, Igor Goikolea Hala Bedi irratiko kazetaria eta Garazi Conde Topatu-ko kidea izango dira —azken hori gazte proiektu berrian ari da lanean—. Moderatzailea Maialen Kortabarria izango da, Arrosa sareko Zebrabidea magazinaren aurkezlea. Mahai inguruarekin batera, ezustekoak ere egongo direla iragarri du Topatu-k.
Berriro elkar 'Topatu' arte
Igandean adio esango du 'Topatu'-k. Gazteen komunikazio proiektu berri bat ari dira lantzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu