Komunikazioa

'Berriketan.info' sare sozialak mila erabiltzailetik gora ditu jadanik

Euskarazko sare soziala 2010ean jarri zuen martxan BERRIA Taldeak, eta aukera ugari eskaintzen ditu

Berriketan.info atariaren azala. BERRIA.
Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Sare sozialen gorakada agerikoa da, eta euskal komunitatearen artean ere arrakasta handia izan dute; besteak beste, komunitateari etengabeko harremanak izateko aukera eskaintzen diotelako.

Berriketan.info horren adibide da, BERRIA taldeak sortutako euskarazko sare soziala hazten ari da egunero eta jadanik mila erabiltzailetik gora ditu —1.034, hain zuzen—. Euskara hizkuntza modernoa dela frogatu du atariak; gizartearen aldaketetara azkar moldatzen dena. Euskararen normalizazio prozesua bultzatzeaz gain, proiektuak irakurleekin elkarreragina izatea lortu du, hots, irakurlea informazioaren parte bilakatzea eta, Interneteko atariaren bidez, bere proposamenak eta berriak zabaltzea.

Aukera ugari eskaintzen ditu Berriketan.info sare sozialak: besteak beste, Twitter eta Facebookekin lot daiteke. Iruzkinak egiteaz gain, mezuetan argazkiak eta bideo loturak txerta daitezke, Youtube eta Vimeo bidez. Gainera, gaurkotasunari loturiko gai zehatzez hitz egiteko atal bereziak ditu azalean. Orain, hiru gai berezi daude zabalik: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, Donostiako Zinemaldia eta Katalunia. Bestalde, parte hartzea bultzatzeko asmoz, Berria.info eta Hitza.info webguneetako albiste guztietan iruzkinak egin daitezke sare sozialaren bidez. Android sistema duten sakelakoetarako bertsio bat ere deskarga daiteke Playmarket bidez. Appleren dendan ere aurki izanen da aplikazioa eskuragarri.

Euskarazko berrien topagune

Orain bi urte, 2010eko azaroaren 4an jarri zuen martxan BERRIA Taldeak sare soziala, euskarazko informazioaren eta albisteen topagune eta eztabaidagune izateko asmoz. Ordutik, komunitate irekia izan da; hau da, hedabideko kazetariez gain, interesa duen edozeinek parte hartu ahal dezake, baita beste komunikabideetako kazetariek ere. Parte hartzeko,http://.berriketan.info helbidean izena eman behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.