'Berriketan' podcastak gaur hasiko du denboraldia

Astean hiru atal izango ditu BERRIAren podcastak: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan.

urtzi urkizu
2024ko irailaren 18a
05:00
Entzun

Gaur hasiko da Berriketan BERRIA egunkariaren aktualitateko podcast saioaren bigarren denboraldia, eta, hortik aurrera, astean hirutan sareratuko da: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Aurreko denboraldian bezala, atal bakoitzak gaur-gaurko gai bat izanen du hizpide. Horretarako, gaia ezagutzen duten kazetariekin edota adituekin hitz eginen dute, eta, elkarrizketa laburren bidez, gai horri buruz jakin beharrekoak aletu. Saioek hamabost minutu inguru irauten dute; beraz, gai bat ulertzeko gako nagusiak aditu daitezke gosaldu bitartean, lanerako bidean edo harrikoa egin bitartean, besteak beste.

BERRIA egunkarian lantzen diren alorrak jorratzen ditu Berriketan podcastak: Euskal Herriko gaiak, nazioartekoak, ekonomiari lotutakoak, kulturari buruzkoak, kiroletakoak eta Bizigiro atalekoak. Lehenbiziko atalean, udaren errepasoa eginen dute, udako gertakari nagusietako soinuen bidez. Ondotik, gaur-gaurko gaiek ezarriko dute jarraitu beharreko bidea: Eskoziako erreferendumaren hamargarren urteurrena, Euskal Herriko politikagintza, AEBetako hauteskundeak, Israel Gazaren kontra egiten ari den setioa...

Iker Tubia BERRIAko kazetariak gidatzen du podcasta, eta erredakzioko ahotsak tartekatzen dira sarri saioan saioko gaiez hitz egiteko. Bigarren denboraldian, Maddi Ane Txoperena BERRIAko dokumentazio ataleko arduradunak parte hartuko du berriz ere, eta, aurreko denboraldian egin zuen bezala, BERRIA egunkarian bildutako esaldi bat irakurriko du atal bakoitzaren bukaeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.