BERRIAren webguneko artikuluetan iruzkinak egiteko aukera abian da jada. Jauzi digitala egin zuen euskarazko egunkariak azaroan, eta pixkanaka funtzionalitate berriak gehitzen ari da. Horietako bat da artikuluetan iruzkinak egiteko aukera. Lehenago ere bazegoen aukera hori diseinu zaharrean, baina diseinu berria abian jarri eta aste batzuetara aktibatu dute. Berritasun batekin, hori bai: orain erabiltzaileek BERRIAlagun izan behar dute iruzkinak egin ahal izateko, alegia, BERRIA ekonomikoki babestu behar dute.
Arrazoia argia da: jauzi digital garrantzitsua egin zuen BERRIAk azaroan, eta hasieratik garbi izan du BERRIA Taldeak edukiak modu irekian argitaratuko zirela: alegia, irakurtzeko murrizketarik egin gabe. BERRIA sostengatzen dutenek ematen duten babesa nolabait saritzeko, beraz, horiek egin ahal izango dituzte iruzkinak. Gogoratu behar da, hogeigarren urteurreneko berrikuntzei lotuta, beste 3.000 BERRIAlagun behar dituela BERRIAk 2025. urterako.
Ikusi gehiago
«Pentsa lezake jendeak BERRIAk sendo dagoelako egin duela jauzi hau. Guk esango dizuegu sendo egon nahi dugulako egin dugula jauzia. Ez daukagu aldi konplexu honi erantzungo dion ahalik egunkaririk onena egitea beste biderik, hizkuntza hedatzen, irakurleak sortzen eta herria trazatzen segituko badugu. Horretarako, orain ere jendea alde beharko dugu; 3.000 babesle berri behar ditugu, etorkizuna eta independentzia bermatuko digutenak», adierazi zuen Ainara Lasa BERRIAko marketin eta publizitate saileko arduradunak.
Iruzkinak egiteko aukeraz gain, abantaila gehiago eskaintzen ditu BERRIA ekonomikoki babesteak. BERRIAlagun guztiek eskura dituzte beren abantailak webgunean, komunitatearen atalean, orain arte bezala, Berria.eus/komunitatea helbidean. Besteak beste, papereko egunkaria argitaratzen den egunaren bezperan jada, gauean, PDF formatuan irakur dezakete, eta, eduki guztiak irekian argitaratuko badira ere, kasu batzuetan BERRIA babesten dutenek aldez aurretik izango dituzte ikusgai. Gainera, lehen bezala, opariak eta sarrerak irabazteko aukera dute, produktu, zerbitzu eta ekitaldietarako deskontuak dituzte, eta eurentzat propio antolatzen diren ekitaldietan parte hartu dezakete.