Eusko Legebiltzarreko 75 ordezkariak hautatuko dituzte herritarrek igandean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Komunikabide ugarik emango dute bozen berri, eta BERRIAk baliabide ugari jarriko ditu herritarrei informazioa emateko.
Hauteskunde egunean bertan, goizetik zuzeneko kontakizuna egingo du BERRIAk; 14:00etako eta 19:00etako parte-hartze datuak emango ditu kazetak. 19:30etik aurrera, berriz, hauteskunde gaua zuzenean kontatuko du euskarazko egunkariak webgunean eta sare sozialetan; izan ere, unean uneko datuak emango ditu, grafikoekin. Gau berean, alderdi politiko bakoitzaren bilakaera zein izan den jasoko dute. Gainera, bi kronika egingo dituzte: bat EAJren egoitzan, eta bestea EH Bilduren egoitzan. Berriketan podcastaren atal berezi bat sareratuko dute, eta emaitzen bueltako bideo bertikal bat ere egingo dute. Infografiak, gainera, herriz herri emango dituzte.
BERRIA kioskoetan eta harpidedunen buzoietan izango da astelehenean. Papereko edizio berezi horretan, Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariaren eta Maider Galardi F. Agirreren analisiak irakurri ahalko dira, gainontzeko emaitza guztiekin batera.
Naiz irratiak eta Hamaika telebistak elkarrekin egingo dute hauteskundeetako programa; 18:00etan hasiko dute igandean saio berezia. Peli Lekuonak eta Oihane Azkuek aurkeztuko dute emankizuna. Analisiak egiten ariko dira Asier Etxenike soziologoa, Beñat Zaldua Naiz-eko edukien erredakzio burua eta Felix Arrieta politologoa. Hauteskunde prozesuaren barrenak aipatuko dituzte Andoni Iturbe Hauteskunde Batzordeko idazkariarekin. 20:00etatik aurrera, beste gonbidatu hauek izango dituzte: Mikel Urdangarin filosofoa, Zuriñe Rodriguez kazetari eta ikerlaria, eta Eguzki Urteaga soziologoa. Emankizun hori Hamaika telebistan ere ikusi ahalko da, baita telebistaren webgunean eta Naiz-en webgunean ere. Hamaikaren unitate ibiltariak alderdi politiko nagusien egoitzetan izango dira; Ekhiñe Atorrasagasti Sabin Etxean egongo da, Udane Arbeo Zabalguneko merkatuan, eta Mikel Claver Europa jauregian, Gasteizen. Datuak jakiten direnean, Amagoia Mujikaren (BERRIA), Jurdan Arretxeren (Noticias de Gipuzkoa) eta Iraia Oiarzabalen (Gara) iritziak ere jasoko dituzte.
Saio luzeak ETBn
ETB1en eta ETB2n hauteskundeen inguruko saio bereziak egingo dituzte igandean. Euskarazko katean, Nerea Reparaz eta Xabier Usabiaga arituko dira aurkezle lanetan, 19:45ean hasita. Ordu laurden lehenago hasiko dute ETB2ko saioa Africa Baetak eta Juan Carlos Etxeberriak. 20:00etan, galdeketa baten emaitzak emango ditu irrati-telebista publikoak. Errealitate areagotua eta birtuala izango dute bi plato handietan. ETBk ez du jakinarazi zein izango diren analisiak egiten.
Euskadi Irratian, Maite Artolak aurkeztuko du hauteskundeetako saio berezia (19:45). Eta Radio Euskadiko saioa Dani Alvarezek gidatuko du, 19:00etan hasita.
Guztira, 230 langile arituko dira EITB taldean hauteskunde gauaren berri ematen. Hemezortzi seinale puntu izango dituzte, eta horien artean bederatzi zuzenekoak izango dira. Lelo bat erabili du talde publikoak hauteskunde gauerako: Hemen erabakitzen dugu, hemen kontatzen dizugu. EITBren webgunean, bestalde, iragarri dute datuak denbora errealean emango dituztela, bozen zenbaketa egin ahala. Emaitzak udalerriz udalerri eta lurraldez lurralde kontsultatzeko aukera izango da.
Espainiako TVE talde publikoak ere saio berezia egingo du igandean. La1 kateak 19:50etik 20:25era egingo du lehen tartea. Ondotik, 20:50etik 23:30era iraungo du 21-A Euskadi decide saio bereziak. La Sexta kateak Al rojo vivo objetivo País Vasco programa berezia emango du, 19:30ean hasita.
Prisa komunikazio taldeak ere ikus-entzunezko saio berezia egingo du, 20:00etan hasita. Horretarako, elkarrekin arituko dira El País egunkaria, SER irratia eta HuffPost atari digitala. Angels Barcelok eta Jose Luis Sastrek Bilbotik aurkeztuko dute irratsaio berezia SER katearentzat. Eduardo Madina, Iñaki Anasagasti eta Mariola Urrea izango dira analisten artean. Kontuan hartu behar da SER dela Hego Euskal Herrian eta Espainian entzule gehien dituen irratia.
Pentsatzekoa da astelehenak ere emango duela hauteskunde emaitzez aritzeko aitzakia nahikoa. Eta aintzat hartzekoa izango da baita ere kate bakoitzaren ikusle datua zein den.