The Guardian egunkariak X sare sozialean zuen kontua itxi ostean, munduko hedabide gehienetara eta plataforma horretako erabiltzeen artera zabaldu da eztabaida, ea sare horretan jarraitu behar ote den edo ez. Beste hedabide batzuek jarraitu egin diote uberari: Vanguardia-k, Ouest France-k eta Sud Ouest-ek... eta, Euskal Herriko hedabideen artean, baita Goienak ere. Kontrako argudioak ere zabaldu dira; Vilawebek, esaterako, beharrezkotzat jo du X-n jarraitzea. BERRIAk ere gogoeta egin du, eta bai bere langileei bai sareetako irakurleei entzun ondoren, erabaki du oraingoz behintzat X plataformako kontuari eta jarduerari eustea.
Erabaki horren atzean funtsezko ideia bat dago: euskaldunak euskaraz informatzeko betebeharra du BERRIAk, eta, beraz, euskaldunek erabiltzen dituzten plataformetan egon beharra dauka horretarako. X sarearen bilakaera eta joera ikusita, han zegoen euskal komunitatea zatitu egin da: batzuek Mastodon plataforman ireki dituzte kontuak; beste askok, Blueskyn —X plataformaren sortzaile batzuek bultzatu dute, eta haren hasierako oinarri batzuei eusten diena—. Hortaz, BERRIAk beharrezko ikusi du Blueskyn eta Mastodonen ere kontuak irekitzea.
Euskaldunak non, han egon behar du BERRIAk. Baina, aldi berean, euskal erabiltzaile asko daude oraindik X sare sozialean, eta, horregatik, BERRIAk oraingoz behintzat eutsi egingo dio plataforma horretan duen kontuari.
Eztabaida bizirik dago, ez da erabaki honekin bukatuko, eta ez dagokio X sareari bakarrik. BERRIAko lantaldea etengabe ari da sare sozialen inguruan gogoetan, eta horretan jardungo du aurrerantzean ere, aukerak eta arriskuak aztertzen, eta egokitzen. Hala, ez du baztertu aurrerago X plataformako kontua ixtea, beste sareren bat ere uztea, edo plataforma berrietan sartzea.
Momentu honetan, sei sare sozial —X, Bluesky, Mastodon, Facebook, Instagram eta Tiktok— eta hiru kanal —Youtube, Telegram eta Whatsapp— ditu egunkari honek, buletinez eta bestelako komunikazio bideez gain. Lan handia ematen du horiek eguneratzeak. Eta plataforma horiek ez diote diru sarrerarik ematen ez kazetariei, ez hedabideei. Are gehiago, nabarmena da sare digital gehienak ahaleginak egiten ari direla bai kazetaritza edukiak algoritmoetatik alboratzeko, bai erabiltzaileek sareetan ahalik eta denbora gehien igarotzeko. Eta egoera are zailagoa da hizkuntza gutxituetan ari diren hedabideentzat.
Euskal kazetaritzak irakurleak behar ditu, baina, hori bezainbeste, bere lanari eusten lagunduko dioten babesleak behar ditu. BERRIAk behar du irakurleek Berria.eus webgunean albisteak irakurtzea eta BERRIAlagun egitea. Hedabideek diru sarrerak bermatuak izateko eta lanean jarraitu ahal izateko bide bakarra da hori. Beraz, kazetaritza babestera eta laguntzera dei egiteko baliatu nahi du eztabaida hau BERRIAk.
Haize kontra ari baitira egunkariak plataforma digitalen itsaso horretan, ez X plataforman bakarrik. Baina irakurleak ezin dira alde batera utzi, eta, ikusita sare digitalek zer presentzia duten egungo bizimoduan, hedabideek landu egin behar dituzte irakurleengana iristeko aukera eta bide guztiak, eta herritarrak informatuta edukitzeko funtzioari eutsi behar diote, haiek dauden tokian daudela.
Era berean, ezin da plataforma horietan modu akritikoan eta inertziaz jarraitu. Joan den astean BERRIAk zabaldutako inkestaren erantzunetan antzematen da ezinegona ere: BERRIAko langile gehienek X sare digitalean jarraitzearen alde egin dute, baina uzteko ere esan dute askok. X plataforman bertan egindako inkestan, kontua uzteko esan zuten erabiltzaileen %32 inguruk. Telegramen eta Instagramen egindako inkestetan, are nabarmenagoa izan da uztearen aldeko jarrera —%76 eta %66, hurrenez hurren—.
BERRIAk aintzat hartuko du ikuspegi kritiko hori, eta sare digitalei buruz gogoeta egingo du etorkizunean ere. Mundu aldakor honek eskatzen du etengabe gogoeta egitea, eta ezin da behin betiko erabakirik hartu, ez eta beroaldien arabera jokatu ere.