«Buletin hau kazetaritzaz aritzeko espazio xume bat izango da. Asteroko hitzordu bat izan nahi du, informazioaren munduarekin lotutako kontuak aipatzeko». Modu horretan laburbildu du Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradunak Kazetaritza ardatz izeneko buletin berria (hemen eman dezakezu izena). Izena ematen dutenek otsailaren 2an jasoko dute lehen zenbakia, eta Urzelaik astero prestatuko du buletin bat kazetaritzarekin lotutako gaiekin. «Besteak beste, kazetaritza, kazetariak, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta adimen artifiziala izango ditut hizpide». Hain zuzen ere, adimen artifizialarekin lotutako kezka eta zalantza ugari daude gizartean eta komunikazioaren munduan, eta Urzelai hainbat gako ematen saiatuko da.
Urzelai Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko Politika sailean aritu zen urte luzez. 2012. urtetik, berriz, IKT Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arduraduna da euskarazko egunkarian. «Azken urteetan, teknologia eta estrategia digitalaren munduan murgilduta nabil; besteak beste, hedabideen munduan etengabe gertatzen ari diren aldaketak behatzen eta aztertzen». Hala ere, kazetaritzat dauka bere burua gaur egun ere. Argia aldizkarian eta Hemen astekarian idatzi zituen lehen kazetaritza lanak, Euskaldunon Egunkaria-n hasi aurretik.
Abian jarriko duen buletina informazioaren munduaren gaineko jakin-mina duen ororentzat lagungarri izango delako itxaropena du Urzelaik: «Buletina kazetarien eta hedabideetan lan egiten dutenen interesekoa izatea espero dut, baita beste edozein irakurleren interesekoa ere. Izan ere, desinformazioaren garai hauetan, gero eta garrantzitsuagoa da alfabetatze mediatikoa eta digitala».
Irakurleen parte hartzea
BERRIAk kazetaritza@berria.eus helbide elektronikoa sortu du. Irakurleek helbide horretara idazteko aukera izango dute, kazetaritzari buruzko buletinaren ingurukoak partekatzeko. «Harpidedunen laguntza izatea espero dut: bidali beldurrik gabe zuen iruzkin, galdera eta ekarpenak», zuzendu zaie Urzelai irakurleei eta interesa izan dezaketenei.
Albiste buletinaren lehen zenbakian, zenbait gai landuko ditu Urzelaik: Zer ekarriko du urte berriak kazetaritzaren eta hedabideen arloan? galderari erantzuten saiatuko da; joera globalei begiratzeaz gain, euskarazko hedabideen eremuan etor daitekeena ere jasoko du; hilaren 31n banatuko dituzten Argia sariak komentatuko ditu; eta fedibertsoaren alternatiba aztertuko du.
Azken gai horri lotuta, zenbait komunikabidek bat egin dute X sare soziala alde batera uzteko erabakiarekin. Tokikom elkarteak, bestalde, Mastodon sare sozialean oinarritutako sare sozial propio bat eratu du, eta zerbitzari propio batean instalatu: TKM.eus. Urtarrilaren 20an, Goazen, lagunok kanpaina abiarazi zuten hainbat eragilek, «sare sozial toxikoak utzi eta fedibertsoarekin bat egiteko deialdia eginez».
Azaroaren bukaeran, BERRIAk erabaki zuen kontuak zabaltzea Bluesky eta Mastodon sare sozialetan, eta X-ko kontuari eustea. «Eztabaida bizirik dago, ez da erabaki honekin bukatuko, eta ez dagokio X sareari bakarrik. BERRIAko lantaldea etengabe ari da sare sozialen inguruan gogoetan, eta horretan jardungo du aurrerantzean ere, aukerak eta arriskuak aztertzen, eta egokitzen», adierazi du Urzelaik.