BERRIAren podcast eskaintza aberastu egingo da datorren astetik aurrera. BERRIAko euskara taldeak Ezer ez eta festa podcasta egingo du, hizkuntzaren gaineko askotariko gaien inguruko gogoetak eta jakingarriak zabaltzeko. Hilaren 9an estreinatuko dute podcasta, BERRIAren webgunean eta ohiko plataformetan, eta astero atal bat entzun ahalko da. Bederatzi atal egiteko asmoa dute.
Irene Arrarats Lizeaga BERRIAko euskara taldeko arduraduna eta Maialen Berasategi Catalan BERRIAko zuzentzaile eta itzultzailea izango dira podcastaren aurkezleak. Era berean, talde bereko kideek irakurriko dituzte atal bakoitzerako hautatutako aipuak. Euskal musika ere ez da faltako emanaldian. «Podcasta ez da filologoentzat. Ez da filologia podcast bat, inondik inora. Gramatikari buruzkoa ere ez da», azaldu du Arraratsek. Nahiz eta zeharka gramatikako konturen bat edo beste aipatuko duten. «Euskararen erabilerari begiratuko diogu, alderdi pragmatikotik. Hizkuntza bizitzeko tresna bat da, eta alde horretatik helduko diogu».
Litekeena da podcast berria lagungarri izatea egunero euskaraz idazten aritzen diren herritarrentzat. «Baina batez ere jakingarria izatea nahiko genuke. Ziur aski, idazten aritzen direnek pentsatu dute jada kontu hauetan», uste du Berasategik. Horretarako, ez dute tonu zurruna erabiliko. Hain zuzen, Arraratsek nabarmendu du ez dela podcast akademiko bat izango. «Umore onean ariko gara: modu atseginean landuko ditugu gaiak. Eta bizigarriren bat ematen saiatuko gara». Andoainen (Gipuzkoa) ari dira grabaketak egiten, BERRIAren erredakzioan.
Podcastaren izenburuko esamoldea modu negatiboan erabiltzen da sarri, baina esanahi positiboa emango diotela nabarmendu du Berasategik. Arraratsek oso argi du: «Hizkuntza ez da berez ezer, immateriala baita, baina, aldi berean, dena da». Paradoxekin askotan jokatuko dutela iragarri dute bi esatariek.
Atal bakoitzaren 60 minutuetan tentuz helduko diete gaiei. Berasategik nabarmendu du material asko bildu dutela gai bakoitzari buruz. «Ikuspegi ahalik eta osoena ematen saiatuko gara, argi izanik ezinezkoa dela gai bati buruz dena esatea».
Herdoil burokratikoa
Atalen izenburu gehienak irakurri izan dituzten testuetatik hartuko dituzte. Anjel Lertxundi idazleari hartu diote, esaterako, lehen ataleko gaia: Herdoil burokratikoa. «Italo Calvinoren antilingua ezaguna dutenak konturatuko dira zertaz ari garen; txostenera hitzarekin jabetuko dira beste batzuk; txostenak idazteko erabili ohi den aldaera hori da. Hizkuntzari eransten zaion kraka horretaz ariko gara lehen atalean», iragarri du Arraratsek.
Bigarren atalari, berriz, Hiztegiak tabernetan izena jarri diote. Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuan, proposatzen dute taberna guztietan hiztegiak jartzea, eta hortik hartu dute. «Joko bat da, ematen baitu ezkonezinak direla, baina tabernekin ondo ezkontzen dira hitzak. Non hitz egiten da gehiago, ba, tabernetan baino?», komentatu du Arraratsek. Hirugarren atalak hizkera sexistari helduko dio, Despistatuon sexua izenburupean.
BERRIAko euskara taldekoek zer pentsa eman nahi diete entzuleei. Berasategi eta Arrarats hizkuntzaren inguruan hizketan aritzen dira sarri, lanetik kanpo ere bai. «Gure lilura transmititu nahiko genuke», adierazi dute. Podcastean ertz asko ukituko dituztela iragarri dute.
Tarte laburragoak, AEKrekin elkarlanean
Asteartero sareratuko dute Ezer ez eta festa podcastaren atal bakoitza. Baina, ohiko atal luzeaz gain, ostiraletan atal labur bat zabalduko dute. Bonus track deitu diote, eta hori AEKrekin elkarlanean egingo dute. Batzuetan, Uxue Apaolaza idazleak audio zutabe bat plazaratuko du aste horretan landutako gaiaren inguruan. Gainera, eduki batzuk euskaltegietako irakasleek edo ikasleek landuko dituzte. Euskaltegietan lantzeko material egokia izan daiteke, halaber, podcasta bera. Hilaren 12an estreinatuko dute tarte hori.
Podcastaren ataletan, idatzizko formak eta ahozkoak aipatuko dituzte, eta haien inguruan gogoeta egingo. «Esaterako, idatziz egokia den zerbait ahoz esateko desegokia gerta daiteke. Eta alderantziz», azaldu du Arraratsek.
BERRIAko euskara taldeak, kazetarien testuak zuzentzeaz gain, estilo liburua kudeatzen du, eta itzulpenak ere egiten dituzte. Ezer ez eta festa.