Badator 22. Korrika, eta gaur, Amurrion (Araba), telebista saio bateratua egingo dute euskarazko sei komunikabidek. Elkarlanean arituko dira Berria telebista, Hamaika, ETB, Kanaldude, Goiena eta Erlo telebista. Korrikaren lehen pausoak jasoko dituzte zuzeneko programa horretan, 15:45etik 16:45era. Aurkezle lanetan Naroa Iturri (Hamaika) eta Ilaski Serrano (ETB) arituko dira. Berria telebistaren ordezkaria Nagore Arin kazetari eta bideogilea izango da.
Ez da lehen aldia euskarazko komunikabide nagusiek Korrikaren hasieran eta amaieran bat egiten dutena, aurreko hiru aldietan ere hala aritu baitziren.
Apirilaren 10ean, Korrikaren amaierako saioa egingo dute komunikabide horiek, elkarlanean berriz ere. Goizean izango da bukaerako saio hori, eta Iturriren lekua Ekhiñe Atorrasagastik (Hamaika) beteko du. Bestetik, gaurko hasierako saioa ETB1en ikusi ahalko da; amaierakoa, berriz, ETB2n emango dute. Egun horretan, gainera, ETBko albistegiak Donostiako Alderdi Ederren egingo dituzte.
Irrati bidez ere jaso ahalko da Korrikaren hasieraren eta amaieraren berri. Gaur arratsaldean, elkarlanean arituko dira euskarazko hainbat irrati, Amurriotik.
Eta behin Korrika hasita, ttipi-ttapa, ibilbideko kilometro guztiak ikusi ahalko dira: bai BERRIAren webgunean, bai Hamaikan, bai EITBren webgunean ere.
BERRIAko Julen Aperribai kazetariak, Lara Madinabeitia bideogileak eta Olatz Artola multimedia arduradunak Korrikaren berri emango dute datozen egunetan. Berria telebistan Ekin! saioa egingo dute egunero: 08:00etan, ibilbidea zabalduko dute sare sozialetan; 10:00etan, bideo kronika bat egingo dute Aperribaik eta Artolak —aurreko egunak eman duena eta egunak dakarrena aztertuko dute—; 16:00etan, elkarrizketaren txanda iritsiko da, eguneko kilometro eta protagonista berezi batekin; eta, 20:00etan, musikari batek egindako kanta emango dute —Korrikaren eguneko irudiak ikusiko dira abestia entzuten den bitartean—. Musikari hauek sortuko dituzte kantak BERRIArentzat: STR, Eneko Axpe, La Furia, Maite Arroitajauregi, Leire Etxezarreta, Ines Osinaga, Eneritz Furyak, Nahia Zubeldia, Odei Barroso eta Gartxot Unsain.
Bestalde, Hamaika telebistak Korrikaren inguruko orduz orduko albistegiak egingo ditu. Gauero, 22:00etan, Korrika KMZ Kilometro saioa emango du. Kanaldudek, berriz, Korrika nun, Kanaldude han zuzeneko saioa egingo du egunero, 19:00etan —Hamaikan ere ikusi ahalko da, gainera—.
ETB1ek Biba Korrika! saioa emango du astelehenetik ostegunera, 21:25etik 21:45era.
'BERRIA'-n ekiteko garaia
Gaur hasi eta apirilaren 10era bitartean, BERRIAk harpidetza kanpaina berezia egingo du, Ekiteko garaian zaude lelopean. Irakurleek erdi prezioan eskuratu ahal izango dute BERRIAren aste osoko zein asteburuko harpidetza. Halaber, egunkariaren furgoneta ibilbidean izango da, hainbat herritan egunkaria banatzen goizetan.