Frantziako Asanblearako bozak dituzte bihar Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Eta lehen itzulian gertatzen denaren berri emango dute bihar arratsaldean eta gauean BERRIAk eta Euskal Irratiek —Gure Irratiak, Antxeta Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak—. Irratsaio berezia 18:30ean hasiko dute Euskal Irratiek, eta saio hori bera BERRIAren webgunean entzun ahalko da. 19:00etan, mahai ingurua egingo dute, solaskide hauekin: Eguzki Urteaga, Iker Etxepare, Allice Leiziagezahar eta Jakes Bortairu.
BERRIAren webgunean, datuen zenbaketa zuzenean emango dute, jakin ahala. Frantziako emaitzak emango ditu egunkariak, baita Ipar Euskal Herriko hautesbarruti bakoitzarenak ere (laugarrena, bosgarrena eta seigarrena). Eta baita Ipar Euskal Herrian alderdi bakoitzak zenbat boto jaso dituen adierazi ere. Horrekin batera, jakinaraziko dute bigarren itzulira zer hautagai pasatuko den. Hautagaien erreakzioak ere bilduko dituzte. BERRIAk argitaratutako taulak eta grafikoak Euskal Irratiek baliatuko dituzte.
EITBk ohiko albistegietan emango du Frantziako Asanblearako hauteskundeen berri, baina ez du albistegi berezirik egingo. Ezta Hamaika telebistak ere.