BERRIAk eta EITBk zuzenean emango dute bertso finala

'Streaming' bidez emango du BERRIAk, eta ETBk berrikuntza batzuk izango ditu errealizazioan

Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak, finala aurkezteko ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bihar izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian. 11:00etan hasiko da final handiko goizeko saioa. Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi eta Maialen Lujanbio lehiatuko dira txapela lortzeko, 13.000 bertsozaleren aurrean.

BERRIAk streaming bidez emango du finala, EITBren seinalea baliatuz, www.berria.eus webgunean. Gainera, goizeko eta arratsaldeko saioen balorazioa egingo du Miren Mujika kazetariak. Finaleko une garrantzitsuenen laburpen bideo bat ere zabalduko du BERRIAk. Finalaren ostean, edukiak zabaltzen arituko da Berria telebista. Txapelpekoak mahai inguruaren beste atal bat izango da etzi, 16:00etan. Asteartean, txapeldunari egindako elkarrizketa emango du, bai paperean, bai webgunean, eta bai sare sozialetan ere. Puntu morea-ren bideoak astelehenean eta asteazkenean izango dira; eta Lupa-renak, berriz, ostegunean.

EITBk 50 profesional inguru eramango ditu Nafarroa Arenara, finala zuzenean emateko asmoz. Muntatze lanak gaur eguerdian hasiko dira, eta arratsalderako amaituta egotea espero dute. Hamaika kamera egongo dira, eta kamera bakoitzak lan finkoa izango du. Berrikuntzak ere egongo dira: tirolina baten bidez mugituko den kamera bat egongo da, aretoa diagonalean zeharkatuko duena. «Gure helburua da etxekoei emozioak transmititzea, bai bertsolarienak, baita ikusleenak ere», kontatu du Pello Elizasu ETBko errealizadoreak. Zortzi metroko beso luze batekin mugituko den beste kamera bat ere egongo da.

Ilaski Serrano kazetaria eta Jon Martin bertsolaria arduratuko dira saioaren zuzenekoaz. Egoitz Txurrukak egingo dizkie elkarrizketak bai publikoari eta bai beste protagonistei. Bertso munduarekin lotuta dauden gonbidatu bereziak ere izango ditu zuzeneko saioak.

«Objektibo oso potenteak erabiliko ditugu kameretan, bertsolariak gertutik harrapatzeko aukera emango digutenak», azaldu du ETBko errealizadoreak. Bertsolariei bertsoa kantatu osteko keinuak hartuko dizkien kamera bat ere egongo da agertokiaren atzeko aldean.

Errealizazioa Nafarroa Arena pabiloitik kanpo egongo den kamioi batetik egingo dute. «Antolakuntzak ematen digun soinuaz gain, gu giro soinua emateaz arduratuko gara ikus-entzuleentzat», azaldu du Elizasuk.

'Hitzetik hortzera', gaur

Gaur izango da aste honetako Hitzetik hortzera-ko atala, 21:00etan. Zortzi finalistekin hitz egingo du Eider Perezek. Binaka izango dira solasaldiak: Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi; Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina; Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi; eta Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Finalisten hitzekin batera, txapelketako hainbat bertsoaldi ere emango dituzte ETBko saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.