Datorren asteartean hauteskunde eguna dute Ameriketako Estatu Batuetan. Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte, zehatzago esanda. Orduan hautatuko dute Donald Trump ala Kamala Harris presidente. Munduko komunikabide ugari adi ibiliko dira datorren astean, hauteskunde horien nondik norakoei erreparatzen. Baita nazioarteko informazioa ematen duten Euskal Herriko hedabideak ere. BERRIAk eta EITBk, esate baterako, luze eta zabal emango dute boz horien berri.
BERRIAren webgunean zuzeneko kontakizuna egingo dute astearte arratsaldean hasita. Eguna zer moduz joan den eta inkestak nola doazen kontatuko dute. Goizaldean iritsiko dira lehen emaitzak, eta horien berri izan bezain laster jasoko ditu euskarazko egunkariak. Datuak emateaz gain, analisiak argitaratuko dituzte. Kirmen Uribe idazlea AEBetan bizi da, eta hainbat kronika eginak ditu BERRIArentzat; bada, asteazkenean, Berriketan podcastean mintzatuko da, hauteskundeek emango dutenaz. Asteazkenean, BERRIAk egun osoan erreparatuko die hauteskundeen emaitzei, eta erreakzioak ere plazaratuko ditu. Interneteko sare sozialetan ere emango du bozen berri.
EITB taldeko hedabideek lantalde zabala izango dute egunotan AEBetan, eta xehe erreparatuko diete bozei. Egunotan Yerai Diaz EITBko berriemailea erreportaje bereziak egiten ari da. Gainera, Amaia Uribe Donald Trumpen ingurukoak kontatzen ari da. Eta Mikel Reparaz EITBko nazioarteko arduraduna ere ari da hauteskundeen berri ematen. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean, ETBk Washingtondik egingo ditu albistegi bereziak; horretarako, hiriburura joango dira Africa Baeta, Xabier Usabiaga, Juan Carlos Etxeberria eta Lierni Agirrezabala.
Euskadi Irratian, Yerai Diazen kronikak ematen ari dira egunotan. Bestalde, Lander Eizagirre nazioarteko saileko kazetaria ere ari da hauteskundeen berri ematen. Astelehenetik aurrera, berriz, Oihane Yustos eta Iñaki Guridi batuko zaizkie. Hilaren 5ean eta 6an, AEBetako hiriburutik egingo dute Faktoria albistegia, Etxe Zuritik oso gertu.
Radio Euskadin askotariko erreportajeak ematen ari dira egunotan. Hilaren 4an, 5ean eta 6an, Boulevard saioa eta albistegi bereziak New Yorketik egingo dituzte.
'The Washington Post'-en afera
Ameriketako Estatu Batuetako komunikabide batzuen inguruan, bestalde, bada egunotan afera korapilatsurik. Azkeneko hamarkadetako hauteskundeetan, The Washington Post egunkariak hautagaietako baten alde egin du editorialean, baina Jeff Bezos enpresaren jabe nagusiak erabaki du oraingoan kazetak ez duela hautagairik babestuko. Horrek ondorio ugari izan ditu: batetik, editore batzuek eta hainbat langilek dimisioa eman dute. Bestetik, 200.000 harpidedunek baino gehiagok harpidetza eten dute. Egunkari horretako kazetari batzuek esan dutenez, The Washington Post-eko edizio kontseiluak prest zuen artikulu bat Kamala Harris babesteko, baina Bezosek argitaratzea eragotzi zuen.
Antzeko zerbait gertatu da Los Angeles Times egunkarian, nahiz eta oihartzun txikiagoa izan duen. Patrick Soong-Shiong hedabidearen jabeak galarazi egin du Harrisi babesa ematea, eta, hori dela medio, Mariel Garza edizio kontseiluaren arduradunak dimisioa aurkeztu du.