Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira bihar, eta euskarazko hainbat komunikabidek kontakizun berezia egingo dute. BERRIAk, esate baterako, webgunean egingo du kontakizuna bihar gauean. Euskal Herriko emaitzak eta Europakoak emango ditu euskarazko egunkariak. Era berean, Euskal Herrian talde politikoek ematen dituzten erreakzioak jasoko dituzte, eta Europan egiten direnak ere eskainiko dizkiete irakurleei. Euskal Herrian azkeneko boladan egin dituzten hauteskundeetan baino beranduago jakingo dira bihar emaitzak. Astelehenean BERRIAk ez du papereko ediziorik izango.
ETB1ek saio berezia egingo du, 22:00etan hasita. Nerea Reparazek eta Lierni Agirrezabalak aurkeztuko dute albistegi berezi hori, eta emaitzak emango dituzte. ETB2 katean, beste alde batetik, Teleberri gaueko albistegia amaitzen denean ekingo diote saio bereziari. 22:15etik aurrera, Africa Baetak eta Juan Carlos Etxeberriak aurkeztuko dute saio berezia gaztelaniazko katean.
Euskadi Irratian 20:00etan hasiko da saio berezia, Maite Artola kazetariak gidatuta. Europak dituen erronkak izango dituzte aztergai europarlamentari izandako batzuen eskutik. Bruselatik datuen berri zuzenean emango du Amaia Portugal berriemaileak. Euskal Herriko alderdi politiko nagusien egoitzetan ere izango dira, erreakzioak sortu ahala horiek guztiak jasotzeko. Analisirako mahaia ere izango da Euskadi Irratian.
Radio Euskadin eta Radio Vitorian 22:00etan hasiko dute albistegi berezia. Dani Alvarezek gidatuko du. Alderdi politiko eta koalizio nagusien egoitzetan izango dira, eta analisirako mahaia ere izango dute.
Hauteskundeetako emaitzak gauean berandu samar iritsiko diren arren, EITB taldearen euskarrietan jakin ahalko da haien berri: eitb.eus webgunean, EITB Albisteak aplikazioan, taldearen sare sozialetan eta Youtubeko kanalean.
Astelehenean, emaitzen azterketa
Hauteskundeen hurrengo egunean, astelehenean, emaitzen analisia egingo dute goizean goiz EITBko irratietan eta telebista kateetan: Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Radio Euskadiko Boulevard-en, Radio Vitoriako Radio Vitoria gaur-en, ETB1eko Egun on-en eta ETB2ko En jake-n. Ohi baino goizago hasiko da ETB2ko programa hori: 10:00etan.
BERRIAk ere Europako Parlamenturako hauteskundeek eman dutena jasoko du webgunean astelehenean. Baita astearteko papereko edizioan ere.