Arantza Gutierrez.
Podcastak

Berriak berri

2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Hogeigarren urtebetetzearekin batera, BERRIA aldatuta, eraberritua agertu zaigu, irakurle, BERRIAlagun eta kolaboratzaileen (edo dena batera) gozamenerako. Dagoeneko, zutabe hau irakurtzen duzuenok sumatu dituzue aldaketak… Gaur, berriz, nobedade biren inguruan hitz egitera nator, Berriketan podcastari eta Entzun Berria atalari buruz hain zuzen ere. Izan ere, ikus-entzunezkoak eta pantailak nagusi omen diren honetan, BERRIAk entzumenaren aldeko apustu ausarta egin du.

Iker Tubiak gidatzen duen podcasta da Berriketan, eta bertan egunerokotasun informatiboan nabarmendutako gai batean murgiltzen da kazetaria, sakontasun handiagoz tratatzeko asmoz, betiere, lekuko, subjektu edo pertsona aditu zein aritu batekiko solasaldi lasaian. Astean hirutan entzun daiteke, eta saio guztiak ixten ditu Maddi Ane Txoperenak, BERRIAko dokumentazioko langileak; egunkarian argitaraturiko esaldi bat aukeratu eta irakurtzen du…, nolabait artikulu osoa leitzera gonbidatuz.

Atalez atal hitzari laguntzen dion sintonia Donibane Lohizuneko Lumi taldeak egin du. Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatzen dute taldea, eta folka eta musika elektronikoa batzen dituzte beren melodietan… Haiengana heldu naiz, berriz, podcasten deskripzioan egindako aitortzari esker, eta hori ere nabarmendu nahi dut: askotan hondoan entzuten ditugun irrati-musikak oharkabe aditzen baititugu, izaera propiorik ez duen osagaia balitz bezala. Beraz, eskertzekoa (eta beharrezkoa, nire aburuz) da azalpen esplizitua.

Berriketan podcastaren inguruan kuxkuxeatzean, gainera, Entzun Berria atalera heldu naiz. Albiste zein iritzi artikulu batzuen goiko aldean marrazturiko aurikularretan klikatuta, emakume batena dirudien ahots sintetikoak irakurtzen du testua. Duela bederatzi urte abian jarri zuen teknika hori hobetu egin duela ohartarazten du BERRIAk, eta bide horretan urrats gehiago emateko prest agertzen da. Eta horrek, irudimenez, irratiaren jaiotzara berara narama. Asmatzaileek ez zuten sortu komunikabidea izateko, (itsas) armadaren tresna izateko baizik. Dena den, hasieratik batzuek prentsa idatzia irakurri ezin zutenengana albisteak helarazteko bidea izan zitekeela pentsatu zuten. Orain, berriz, irakurketa horretara ez heltzeko arrazoiak bestelakoak badira ere, funtzio bera betetzen du, pantailetatik deskonektatzeko aukera emanik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.