BERRIA Taldeko langileek bat egin dute greba feminista orokorrarekin, eta, beraz, bihar, azaroak 30, hedabideak ez du argitaratuko papereko egunkaririk. Horretarako, gaur egingo dute lanuztea erredakzioko langile gehienek, eta, ondorioz, gutxieneko zerbitzuak izango dira gaur, webgunean.
Kazetariak, diseinatzaileak, zuzentzaileak, harrerako arduradunak, publizistak, banatzaileak, komertzialak eta sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileak batuko dira grebara, eta lanpostuen arabera antolatuko dituzte lanuzteak. Erredakzioko langile gehienek grebaren aurreko egunean «itzaliko» dituzte ordenagailuak, eta administrazio arlokoek, berriz, ostegunean bertan.
Hilaren 30ean batik bat grebaren inguruko informazioa argitaratuko dute webgunean, eta gainerako albisteetan gutxieneko zerbitzuekin arituko dira. Era berean, emakumeek arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzeko aukera izan dezaten, gizonek euren gain hartuko dute azken orduetako lana. Bestalde, administrazioko langileek hilaren 30ean bertan egingo dute lanuztea; beraz, ezingo diete zerbitzua eman BERRIAlagunei eta bestelako bezeroei.
Grebarekin bat egiteko dituzten arrazoiekin oharra atera zuten langileek.