Euskal Herriko herritarrak telematika bidez nola komunikatzen ari diren erakusteko, telebista saio bat estreinatu du Berria telebistak: Etxeko leihotik. Konfinamendu agindua eman zenetik, asko dira Internetek eskaintzen dituen tresnak baliatzen dituztenak bilerak egiteko. Lanerako batzuk eta senitartekoak eta lagunak ikusteko beste batzuk, ohikoa bilakatu da lantoki eta etxe askotan pantaila aurrean jartzea solastatzeko. Testuinguru horretan, Maider Galardi F. Agirre kazetariak Etxeko leihotik aurkeztuko du, asteartero eta ostiralero —14:00etan jarriko dute atal bakoitza, berria.eus-en—.
BERRIAko Multimedia mahaiak eman dio forma saioari. Galardik uste du programak ekarpen bat egin dezakeela: «Koronabirusaren gaia arinkeriarik gabe baina arin ematea bazegoela iruditu zitzaidan. Gaia oso-oso serioa da, zorroztasun informatibo guztia eman behar zaio, baina, hori mantenduta ere, interesgarria izan daiteke jendearen etxeetan sartzea eta herritarren egunerokotasuna erakustea».
BERRIA ahalegin handia ari da egiten egunotan, sarean eta paperean. Saioak ikus-entzunezko eskaintza aberastuko du. «Programari esker, beste jende batengana iritsiko gara. Gazteak egunotan sare sozialetan murgilduta daude erabat, eta gu ere inoiz baino gehiago gaude konektatuta. Bisuala izateak eta etxeetako jendea erakusteak plus bat ematen dio».
Gaur, Skakeitan taldea
Lehen atala Ur handitan saiokoekin egin zuten —gaur atal berri bat emango du ETB1ek, 22:30ean—. «Metatelebista» ariketa bat izan zela aitortu du Galardik: «Skype bidezko elkarrizketak egin genituen Skype bidezko elkarrizketak egiteari buruz. Pozik gaude lehen atala haiekin egiteagatik; zentzu guztia zeukan».
Gaurko atala, berriz, Skakeitan musika taldearekin izango da. Azaroan atera zuen taldeak azken diskoa: Nola galdu denbora. Otsailean lehen bi kontzertuak eman ostean, bira osoa antolatua zuten. «Dena atzeratu zaie, eta susmoa dute bira osoa bertan behera geldituko dela. Hamar lagun dira taldean, gainera, eta ezin dituzte entseguak egin». Instagramen, berriz, bideoklip bat egin dute, Ezpainetan odola kantarekin. «Lanean nola ari diren kontatuko digute gaurko atalean».
Etxeko leihotik saioaren hurrengo ataletan eskolak jasotzeari buruz arituko direla iragarri du aurkezleak. «Basozaintza graduko ikasleekin eta irakasleekin egongo naiz. Gustatuko litzaidake eragile, elkarte eta herri mugimenduetan ari direnekin ere hitz egitea datozen egunetan».
Aurretik etxetik aritzen zen lanean, eta hala dabil orain ere Galardi. Berria FM podcasta gidatzen ere jarraituko du kazetariak. Bihar eguerditik aurrera, atal berri bat egongo da. «Josebe Iturriozekin egindako elkarrizketa luze bat izango da entzungai. Aste hauetan, koronabirusaren gaia ari gara lantzen podcastean, ikuspegi feministatik».
Berria telebistako 'Etxeko leihotik' saio berria, asteartero eta ostiralero
Maider Galardi herritarren etxeetara sartu eta haien egunerokotasuna erakusten saiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu