Hiru urteren ostean, badator Korrika: hilaren 31n abiatuko da, Amurriotik (Araba). Euskarazko komunikabideek 22. aldiaren jarraipen berezia egingo dute datozen egunetan, eta kilometro guztiak ikusi ahalko dira Internet bidez zein telebistaz: BERRIAk eta Hamaikak —baita beste hedabide batzuek ere— streaming bidez emango dute Korrikaren ibilbide osoa. BERRIAk, gainera, eskaintza oso berezia egingo du hilaren 31n hasi eta Korrika Donostiara apirilaren 10ean iristen den arte.
BERRIAko Julen Aperribai kazetaria eta Olatz Artola multimedia arduraduna joango dira Korrikaren furgonetan. Berria telebistan Ekin! saioa egingo dute egunero: 08:00etan, ibilbidea zabalduko dute sare sozialetan; 10:00etan, bideo kronika bat egingo dute Aperribaik eta Artolak —aurreko egunak eman duena eta egunak dakarrena aztertuko dute—; 16:00etan, elkarrizketaren txanda iritsiko da, eguneko Kilometro eta protagonista berezi batekin; eta 20:00etan, musikari batek egindako kanta emango dute—Korrikaren eguneko irudiak ikusiko dira abestia entzuten den bitartean—. Honako musikari hauek sortuko dituzte kantak BERRIArentzat: STR, La Basu, Eneko Axpe, La Furia, Maite Arroitajauregi, Leire Etxezarreta, Ines Osinaga, Eneritz Furyak, Nahia Zubeldia, Odei Barroso eta Gartxot Unsain.
Euskarazko egunkariaren webgunean mapa interaktibo bat egongo da erabilgarri: Korrika non dabilen eta egun bakoitzean nondik ibiliko den kontsultatu ahalko da. Argazki bildumak ere zabalduko ditu BERRIAk. Webgune propioa izango du 22. Korrikak Berria.eus-en.
Papereko edizioan, bestalde, Julen Aperribairen kronikak irakurri ahalko dira. Halaber, egun bakoitzean gai batekin lotutako artikulu bat argitaratuko da, tokiko protagonisten hitzekin lagunduta. Sortzaileen kanten hitzak ere paperean argitaratuko dira.
Halaber, BERRIAk beste euskarazko komunikabide askorekin parte hartuko du Korrikaren lehen egunean eta azkenekoan egingo diren zuzeneko telebista saio berezietan. Amurrioko (Araba) hasierako programa Naroa Iturrik eta Ilaski Serranok aurkeztuko dute; eta Donostiako amaierakoa, Serranok berak eta Ekhiñe Atorrasagastik. Saio horiek BERRIAren webgunean ere ikusi ahalko dira. Ez da lehen aldia euskarazko hedabideek bat egiten dutena Korrikaren hasieran eta amaieran.
Hamaika telebistan, BERRIAn bezala, Korrikaren kilometro guztiak ikusi ahalko dira: bai telebistako seinalearen bidez, bai korrika22.hamaika.eus webgunean, bai Hamaikaren atarian ere.
Ekñiñe Atorrasagasti Hamaikako eduki arduradunak zera iragarri du: «Korrikaren aktualitate zerbitzu iraunkorra eskaintzea izango da Hamaikaren helburua. Orduz orduko albiste buletinak egingo ditugu horretarako». 08:00etan hasiko dira albistegi labur horiekin, eta hala jarraituko dute gauera arte. 22:00etan, berriz, Korrika: KMZkilometro saioa aurkeztuko du Atorrasagastik —ordu erdi iraungo du—. Bestetik, 19:00etatik 20:00etara, Hamaikak Kanalduderekin bat egingo du; Bidarraiko (Nafarroa Beherea) kateak programa bat egingo du arratsaldero Korrikaren puntu batean, eta hori Hamaikan ere ikusteko modua egongo da.
Kontu gehiago izango dira Hamaikan. Adibidez, lehiaketa bat egingo dute: egunero galdera bat egingo dute, eta ikus-entzuleek zuzen erantzun beharko dute saria eramateko.
Korrikaren furgonetan Hamaikako Udane Arbeo eta Aiara Urreta joango dira berriemaile gisa. Albiste buletinak gidatzeaz, berriz, Karol Suarez eta Leire Regadas arduratuko dira.
Korrika hasi aurreko astean, bestalde, Hamaika Korrika kantuz programa berezia ematen ari da. Bertan, Korrikaren azkeneko hamarkadatako abestiak ari dira eskaintzen eta aztertzen, egileen laguntzarekin.
Aurtengo Korrikaren dokumentala —AEK-k ekoitzitakoa— Txakur Gorria taldeak egin du: Uhinak. ETBn, Hamaikan eta Kanalduden eman dute jada, eta ikusgai dago AEKren Youtubeko kanalean. Ohi moduan, Korrikaren ingurukoak ere jarraitu ahalko dira AEKren sare sozialetan.
Berria telebistak 'Ekin!' saioa egingo du Korrikan
11 musikarik kantak sortuko dituzte BERRIArentzat. Hamaikan eta BERRIAn ibilbide osoa ikusi ahalko da, hilaren 31tik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu